Ttipi-ttapa telebistako lan talde batek itsasoa zeharkatu eta “Euskal artzainak Ameriketan” erreportaje saila burutu zuen maiatzaren 25etik ekainaren 16ra. Kamara, mikrofonoa eta mapak bidelagun gure eskualdeko hainbat pertsonen lekukotzak bildu genituen.
Bidaiak Bakersfieldeko euskal bestan izan zuen hasiera. Bertan 26 lekukotza bildu genituen eta erran beharra dago gehienak baztandarrak zirela. Mahaian jarrita bazkaltzen batzuk, bertzeak dantzak ikusten, edo musean…hunkigarria izan zen beraiekin solas egitea. Iturriria familiako Paco, Peñan, Miguel, Kathy, Andy eta Franky, Gazteluko Meltxor Grajirena, Etxalarko Rosa Olagarai, Iturengo Peoieneko anaiak, Sunbillako Karlos Ganboa, Berako Inaxio Errandonea, Almandozko Francisco Bikondoa, Oronozko Joxe Rekondo, Elbeteko Joxe Mari Torres… Bakersfieldetik Fresnora eta han euskal jatetxeek duten garrantzia ikusi genuen. Pozgarria izan zen Beintzako Fermin Urrozekin elkartzea Basque Hotelen. San Francisco izan zen gure hurrengo helburua. Hiria eta handia gainera, mila zoko berezi ikusi eta ikasteko modukoa. South San Franciscon kokatzen da Basque Cultural Center eta euskal etxe honetako presidentea da Xabier Berrueta. Ekimenetako bat “Koxkorrak, goiz eskola” da eta Idoia Salaburu, Luci Jaimerena eta Rosa Mari Arriadak gidatzen dute. Idoia Salaburuk bere esperientzia argitu zigun. Ekainaren 3an ospatu zen euskal etxean besta handia. Lehenik NABOko mus txapelketaren finala jokatu zen larunbatarekin eta igandean Petaluman ospatu zen pic-nica. Bi egun zoragarri izan ziren gure eskualdeko aurpegi ezagunekin topo egin bai genuen. Larunbatean Elizondoko Maria Isabel Etxeberri, Doneztebeko Jabier Iribarren, Arraiozko Felix Berrueta, Doneztebeko Joaquin Mitxeltorena…ikusi genituen, eta igandean, aldiz, Elizondoko Joxe Mari Mihura, Etxalarko Juan Jose Mitxeltorena, Igantziko Nicolas Etxarte… Eta California alde batera utzi eta Nevadara joan ginen. Bidea luzea, baina zoragarria paisai aldetik. Aldaketa nabarmena izan zen muga pasatzerakoan, jokoa baimenduta bai dago Nevadan. Reno, Virginia City, Lake Tahoe ezagutu genituen eta Pedro Mari Eizagirre eta Mertxe Llonak bere etxeko ateak zabaldu zizkiguten. Winnemuccako euskal besta ekainaren 8,9 eta 10ean ospatu zen. 9an goizean desfilea izan zen eta arratsaldean ikuskizun ederra, dantza, kantua eta herri kirol desafioekin. Lesakako Alfontso Igoa, Jose Miguel Rekondo, Luziano Etxegarai eta Agustin Andueza, Arantzako Kontxita Iturria eta Felix Larretxea, Etxalarko Juanita Sanzberro, Labaiengo Jose Telletxea…Ederra izan zen hainbertze jende gure inguruan ikustea. Igandean meza eman zuen Martxel Tillous euskaldunen apezak eta ondotik, jai giroa nagusitu zen. Doneztebeko Carlos Iribarren eta Maite eta Izar bere alabak, Donamariako Bautista Mindegia, Almandozko Sarratea anaiak edota Ricardo Yanci elkarrizketatu genituen.
Hiru aste hauetan 80 pertsona elkarrizketatu eta 17 programa osatu ditugu. Programa hauen emisioa urriaren 2an hasi zen eta orain denak bildu eta 6 dvdtan salgai jarri ditugu 39,95 eurotan. Gure eskualdeko honako dendetan eros daitezke: Etxalarko Iturriaetxea, Sunbillako Marisol, Doneztebeko Ostiz, Berako Agerra, Goiko eta Igonen, Lesakako Telletxea eta Legarran, Oronozko Oskorrin eta Elizondoko Fantxike, Axular eta Nafarpresen. Eguberrietako opari bereziena erosteko aukera etzazula galdu, “Euskal artzainak Ameriketan” dvda.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!