Herrian eta inguruan herri kirolek duten zaletasunari hutsik egin gabe, aurten ere jaialdi haundia ikusteko aukera izanen dute eskolako pilotalekura hurbiltzen direnek Doneztebeko Ferien egunean.
Nafarroako Herri Kirol Federazioak, Euskadiko Herri Kirol Federakundeak eta H18K Herri Kirolak Gure Kirolak antolatuta, 17:30ean emanen zaio hasiera ikuskizunari.
Alde batetik, Euskal Herriko Aizkolari Gazteen Txapelketa jokatuko da.
Zortzi aizkolari gaztek bi kanaerdiko eta lau 45 ontzako ebaki beharko dituzte, eta tartean eskualdeko lau ordezkari ariko dira:
Oihan Larretxea (Bera), Garikoitz Larretxea (Arraioz), Ander Erasun (Aurtitz) eta Arkaitz Olano (Leitza). Gainerako aizkolariak Julen Kañamares (Arostegi, Nafarroa), Ruben Saralegi (Iruñea), Jokin Alkizalete (Asteasu, Gipuzkoa) eta Julen Aranbarri (Zumarraga, Gipuzkoa) izanen dira.
Aizkora maite dutenen kontenturako, lau aizkolarik erakustaldia eskainiko dute bikoteka. Floren Nazabal eta Miel Mindegia bikotea Juan Jose Lopez eta Unai Otaño bikotearen aurka arituko da.
Segidan arpanlariek hartuko dute lekukoa. Nafarroako II. Mailako Arpanlari Txapelketa jokatuko da. Hemen ere bi bikote lehiatuko dira, eta horietatik bat igantziarra: Julen Txoperena eta Iñaki Portu. Aurkari, berriz, Asier Urbistondo eta Mikel Huarte (Berriozar) izanen dituzte.