Traktoreak eta biltzeko makinak erosteko dirulaguntzak

ttipi-ttapa 2007ko abenduaren 18a

TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuak makineria berritzeko 200.000 euroko laguntza onartu du

Heldu den urteari begira baserrietako makinak erosteko dirulaguntza berria onartu du Nafarroako Gobernuak. Denetara 200.000 euro emanen dira traktoreak eta biltzeko makinak erosteko.

Zaharkitua gelditu direnak eta gabeziak dituzten makinak alde batera utzi eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera berriak ahalik eta gehien aprobetxatzea nahi da, eta hala, makineria berria probetxu hobeagokoa izatea.

Gisa honetara, lan baldintzak hobetu eta segurtasuna areagotuko direla iragarri du Gobernuak, eta horrekin batera, ingurumenean eragiten duten inpaktua ttikiagoa izanen omen da. Aipatzekoa da, 1980a baino lehenagoko traktoreek ez dutela segurtasun sistema homologaturik.

Traktoreekin lan-istripu ugari gertatzen direlako onartu du neurria Gobernuak. Kontua larria da. Nekazaritzaren sektorean traktoreen iraulketa da heriotza gehien eragiten dituen arrazoia. Pertsona ugari hiltzen da urtean manera batera edo bertzera traktoreak tartean direla. Espainiar estatuan, erraterako, urtean 60 lagun inguru hiltzen dira traktoreak iraulita, Nafarroari, berriz, kopuru horren %1a dagokio.

Nafarroan 15.909 traktore inguru daude, eta horietatik bakarrik 1.900ek dituzte bortz urte baino guttiago. Biltzeko makinak, berriz, 1.401 daude Nafarroan eta horietatik 320 bortz urte baino guttiagokoak dira.

Horren harira, Nafarroako Gobernuak bertzelako datu bat ere jakinarazi du: ibilgailuen motorren indarra haundiagotzen doala, alegia: traktore zaharrek 80 zaldi inguruko indarra dute; aldiz, berriek 110 zaldikoa gutti gorabehera. Biltzeko makinetan berriz, bataz bertzekoa 160 izatetik 180 izatera pasatu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun