Margotu, sukaldea, altzariak, argiztapena… Gauza ez da giltzak eskuratzea bakarrik. Etxebizitzaren arazoa handia bada ere, behin giltzak eskuratuta, horrek ez du erran nahi etxea bizitzen jartzeko prest dagoenik. Azken ukituak ematen denbora joaten da, eta noski, dedikazioa eta lana eskatzen du. Izan ere, etxean gustura sentitzea bezalakorik ez dago, eta horretarako hagitz garrantzitsua da etxearen apainketa, sukaldearena, logelarena, bainugelarena, egongelarena… Joerak aldatuz doazen heinean, aukerak ere zabalduz doaz.
Etxea margotzea izaten da egin beharreko lehendabiziko gauzetako bat. Estiloak urtetik urtera, eta gustuaren arabera aldatzen badira ere, gero eta kolore deigarriagoak erabiltzeko joera handitzen ari da. Jende helduak kolore argiak aukeratzeko ohitura du; gazteek, ordea, nahiago dituzte gero eta kolore ausartagoak, kontrastea eragiten dutenak. Etxeko paretak pintatu beharrean, batzuek papera paratzen dute. Garai batean gehiago erabiliak ziren, paratzeko eta kentzeko errazak direlako, baina gaur egun ere erabilera ugaritzen ari da. Kolore, diseinu, testura eta forma aunitzetako aukera zabala da eta horrek konbinatzeko aukera ematen du
Sukaldea
Sukaldea hornitzeak ere bere lana eskatzen du. Jabearen aurrekontuaren arabera, era bateko edo bertzekoa izanen da, baina beltza, gorria, pistatxo berdea eta naraja dira kolore erabilienak. Dena den, kolore argiek garbitasunaren sentsazioa indartzen dute. Sukaldea osatzen duten elementuak ugari dira: labeak, garbigailuak, altzariak, ateak, aire girotua, hozkailua, kafe makina… Altzari herdoilgaitzak, egurrezkoak edo laminatuak izan, eskaintza zabala da. Eta horiek guztiak ongi kokatzea ezinbertzekoa da, sukaldeak erraz mugitu eta dena eskura dagoen lekua izan behar baitu. Hala, sukaldearen neurrien arabera, egokitu beharko ditugu tresnak. Zenbaitetan, sukaldea hagitz ttikia baldin bada, hozkailua egongelan paratzen da. Bide horretatik joz, fabrikatzaileak modelo erakargarriak egiten ari dira.
Eta kuriosoa dirudi, baina dagoeneko etxeko zerbitzuak automatizatzeko teknika eta baliabideak eskaintzen hasiak dira enpresak. Domotika deritzo horri. Telefono edo bertzelako sistema bidez kontrolatzen dira etxetresna elektrikoak. Eta etorkizunera begira, internet bidez edozein lekutatik etxeko lanak egiteko aukera sortuko dute. Nork daki!
Altzariak
Altzariak aukeratzea ere ez da batere erraza. Eta aurten modan jarri dena kolore beltza eta zuriarekin egindako konbinaziotik dator. Mahaiak, aulkiak, armairuak, oheak…
Hauetan ere aukera zabala da, diseinu modernoagokoak edo tradizionalagoak, gustuaren, lekuaren eta aurrekontuaren arabera bat edo bertze. Egurrezko altzariak lan gehiago eskatzen dutelako, garestiagoak dira, baina honetan ere badaude gorabeherak.
Haritza, pagoa, lizarra, gerezia eta gaztaina direnak gogorragoak eta garestiagoak dira; aldiz, pinua, izeia eta urkia merkeagoak eta leunagoak.
Argiztapena
Argiaztapena aukeratzea ere ez da uste bezain sinplea, eta bakoitzaren beharraren eta gustuaren arabera diferentea izanen da. Argi naturala ahalik eta gehien aprobetxatzea komeni da, hori beti, eta hortik aitzinera argi artifizialek beteko dute gainerako lana.
Sukaldeetan hodi fluoreszente zuriak paratzen dira, argi hotza eta zuzena, eta luzaroan piztuta egoteko pentsatuak. Bertze argiak baino garestiagoak dira, eta piztean gehiago kontsumitzen badute ere, gerora kontsumo elektriko ttikia dute.
Egongela eta logeletan, ordea, argi naranjak aukeratzen dira, goxotasun eta berotasun sentsazioa eragiten dutenak, giroa erosoagoa egin dezaten. Komunetan, berriz, foku indartsuak jartzen dira, eta aldi berean ispiluaren alboetan fokuak ere paratzen dira. Ez da komeni ispiluaren gainean argiak jartzea, hala itzalak sortzen direlako.
Argiak kokatzerako orduan ere gero eta produktu berriagoak merkaturatzen ari dira. Sabaian argi orokor bat jar daiteke, eta gela guztia argiztatu horrela. Baina horrez gain, elementu jakinak argiztatzeko lanparak jarri daitezke, intentsitate haundiagoak eta ttikiagokoak.
Hortik aitzinera, bertzelako ukituak ematea gelditzen da. Paretak margoekin, koadroekin edo ispiluekin apaindu, errezelak edo kortinak paratu, alfonbrak… Elementu adierazgarri andana dago, etxeko txokoak norberak nahi bezala atontzeko.