Pintura

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 18a

Nola pinta ditzakegu azulejuak etxean?

Orain artekoaren aspertu eta sukaldearen edo bainugelaren dekorazioa aldatu nahi dugula? Horretarako etxean egiteko aukera aproposa izan liteke azulejuen kolorea aldatzea. Dena den, hori egiten hasi aitzinetik zenbait aholku bildu ditugu. Deus baino lehen garbitzea komeni da, batez ere sukaldearen kasuan, grasarekin eta baporearekin zikindua edo hondatua egon daitekeelako. Garbiketa ilerik uzten ez duen trapu batekin egitea komeni da.

Pareta pintatzeko garbigarria den esmalte sintetikoa erabili behar da, hartara, gerora grasarekin zikintzean azulejuak ahalik eta modu errazenean garbitu ahal izateko. Bertzela, zikina kentzeko gehiegi igurtzitzen badugu, esmaltea kentzeko arriskua dago.
Margotzeko, berriz, arraboia erabiltzea aholkatzen da, aunitz erraztuko baitu eginbeharreko lana, eta pintura isurtzeko arriskua ttikiagoa delako. Gisa berean, ez legoke gaizki brotxa batekin arraboiari pintura eman, gero honekin pareta pintatzea.

Azulejuaren hasierako kolorea eman nahi dugunetik hagitz diferentea denetan bi aldiz margotzea komeni da, horrela, azken emaitzean ez da nabarituko lehenago bertze kolorea zuela.
Eta nola ez, pintatzerako orduan, gustuaren arabera egin dezakegu hori: zerrenda apaingarri edo zenefaren erara, edo itxura geometriko jakin batekin, edota kolore desberdinekin. Hori norberak erabaki beharko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun