Berokuntza sistemak

ttipi-ttapa 2007ko abenduaren 18a

Bero-metagailuak

Itxura aldetik, erradiadoreen antzekoak dira. Berotasuna sortu eta metatzeko elektrizitatea gauez kontsumitzen dute, egunekoa baino %53 merkeago baita gaueko tarifa. Gero, egunean zehar beroa "dario" metagailuari, berokuntza premiak eskatu ahala.

Bi metagailu mota daude: estatikoak eta dinamikoak. Aurrenekoak, berokuntza premia iraunkorra duten gela ttikietarako dira egokiak, tenperatura zehatz-mehatz kontrolatzea ezinbesteko ez denean. Dinamikoek deskarga-erregulazio hobea dutenez, horrelakoak instalatzea komeni da espazio handiagoetan eta tenperatura-erregulazio zehatzagoa edo berotasun-ezartze azkarragoa lortu nahi den tokietan. Aldekoak. Gaueko tarifaren kostua gasarena baino merkeago da. Etxean hainbat tenperatura desberdin erregulatzeko aukera ematen du eta nonahi instala daiteke, obrarik egin gabe. Ekoizpen-gunean ez du oxigenorik kontsumitzen, ezta ke nahiz gas kutsatzailerik ere, eta gasa eta elektrizitatea elkarren ondoan egotearren arriskua murrizten du.

Kontrakoak. Prezio altua, aparatu elektriko tradizionalen aldean. Nolanahi ere, galdara eta ur-zirkuituz osaturiko sistemekin konparatuz gero, pare-parera hurbiltzen dira kostuak. Bero-deskargaren erregulazioa aparatu elektriko konbentzionaletan baino okerrago da, metaturiko bero-zati bat erabiltzaileak esku hartu gabe deskargatzen baita. Instalazio elektriko eskasa duten etxebizitza zaharretan, instalazio elektrikoaren erabateko erreforma egin behar izateak azken prezioa dezente garestitzen du.

Erradiatzailea

Beroa igortzeko sistemarik naturalena da. Zolaren azpitik doazen hodiek ur beroa daramate. Bero-azalera handiagoa da eta gorputzak ez du nozituko ez berorik ezta hotzik ere, berezko tenperaturan (35º - 36ºC) mantenduko baita. Sabaian, paretetan eta zoruan integra daitekeen arren, lehen bietan eraginkorragoa da, energia erradiatzailea espazioan barrena baitoa espazioa bera berotu gabe: azalera hotzago batekin kontaktu egitean bakarrik bihurtzen da berotasun.

Aldekoak. Ikusezin eta konfortagarria da, bero osasuntsuagoa ematen du eta eguratsa ez du lehortzen. Epeltasuna etxe osoan barrena berehala eta uniformeki barreiatzen da, zeinahi tokitan tenperatura homogeneoa lortuz. Zoru erradiatzaileak beroa espazio barrenera zuzentzen du eta kanpoko paretetako zein sabaietako gehiegizko tenperaturak murriztu edo suntsitzen ditu. Sistema honek energiaren kontsumoan %10 eta %30 bitarteko aurrezkia eragin dezake. Zoru erradiatzaileko sistemek giroa freskatu ere egin dezakete, ur beroaren ordez ur freskoa bideratuz gero.

Kontrakoak. Instalatzeko eta balizko matxurak atzeman eta konpontzeko etxebizitzako zorua altxatu beharra dago. Ez da komeni honelakoa jartzea etxe txikietan, ezta klima epelekoetan ere. Alternatiba garestia da, urtean bizpahiru hilabetez baizik erabiliko ez bada.

Bero-punpak

Itxuraz, aire egokituko aparatuen antzekoak dira. Sistema honi esker urte osoan tenperatura egokiaz goza dezakegu: berotasuna neguan, aire frexkua udan eta gehiegizko hezetasunaren xurgaketa tarteko sasoietan, eta guztia aparatu bakarrarekin.

Hotz nahiz beroa emateko aukera horri esker, bero-punpa da egokiena eskualde epel edo beroetan. Ahalik eta konfort handiena erdiesteko, premiazko frigoria eta kalorien kalkulua behar bezainbertzeko sinesgarritasunaz egitea ezinbertzekoa da. Konparazio batera, logela bat hoztu nahiz berotzeko, 1.750 frigoriako/kaloriako aparatua ezarri behar dela esaten da; 25 metro kuodroko egongela girotzeko, berriz, 3.000 frigoria edo kaloriakoa.

Aldekoak. Bero-punparen abantaila nagusia, berokuntzan lortzen duen eraginkortasun energetikoan datza, kontsumitzen duen energia baino bizpahiru aldiz gehiago emateko gauza delako. Efektu bera erdiesteko, bertze berokuntza aparatu edo sistema zenbaitek baino energia guttiago kontsumitzen du (%30 eta %65 bitartean) eta guttiago kostatzen da, gainera. Aparatu eta instalazio bakar batekin bi zerbitzu emateak inbertsioak murriztu eta instalazioak soildu egiten ditu. Sute edo leherketaren arriskurik ez dago, erregaien metaketarik edo hoditeriarik nahiz su-garrik ez baitago. Toxikatzeko arriskurik ez dago, ke-irteerarik ez baitu.

Kontrakoak. Neguko eguraldia benetan latza duten eskualdeetan edo kanpoko tenperatura hotz-hotza denean, sistema honek zailtasunak izan ditzake behar den berotasun guztia emateko. Bero-punpa konduktuen bitartez instalatzen bada, inbertsioa dezente igotzen da (6.000 euro ingurura), hainbat lan egin behar direlako: etxebizitzako sabaiak apaldu, konduktuak instalatu, etab.

Gas naturala

Berogailu sistema hau dugu erabilienetako bat, gas naturala garbia eta eraginkorra izateaz gainera, kutsakorra ez delako. Gas naturalezko berogailu indibidualak etxe osoan barrena sakabanaturiko erradiadoreen bidez berotzen du etxebizitza. Erregai erosoa da, banakuntza eta metaketa ez baita kezka bide. Instalatuz gero, bai berogailurako, bai ura berotzeko zein elikagaiak sukaldatzeko erabil daiteke.

Aldekoak. Beroa erraz erregulatzeaz gainera, erregaia ez da deposituetan bildu behar: beraz, ez da zertan aldian behin mantenua, ikuspenak eta eskaria egin beharrik. Etxe osoa tenperatura berean eduki daiteke, gela batetik bestera igarotzean hozbero-jauzi deserosorik somatu gabe. Erradiadoreak estrategikoki jartzen badira, etxe guztian tenperatura homogeneoa izanen dugu. Erradiadore sistemak berotasun osasuntsua, gehiegikeriarik gabea, uniformea eskaintzen digu, arnasketa edo alergi arazoak sufritzen dituen pertsonarentzat biziki kaltegarri diren aire-sistemak bazterturik, gas kutsatzaileak igortzen dituzten errekuntzak bezala.

Kontrakoak. Hirietan ez bezala, herri guttitan dute gas naturala (Bera, Lesaka, Leitza…). Instalazioa (galdara, hodiak, erradiadoreak, etab.) jarrita ez dituzten etxebizitzetan izugarri igotzen da kostea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun