Ohe aproposa, arropa armairu egokia edo jantokiko mahaia hautatzeko sekulako pazientzia hartu behar izaten da, estilo, diseinu eta prezioen aukera amaigabea delako. Baina, horrez gainera, erosi nahi denaren berri luze-zabal izatea ere komeni izaten da: materialen kalitatea, garbitzea, kontserbatzea, zona lehor edo hezeetan zahartzea, etab. Merkatuak eskaintzen duena, nagusiki, bitan banatzen da: bukaera sintetikoko altzaria eta egurrezko altzaria. Lehenak prezio merkeagoak eta diseinu gehiago ditu. Bigarrenak, bukaerako fakturan nabarmenduko den zur lana, eskulangintza, hitz batez.
Ohikoena, egurrezko atala altzariaren kutxa edo ingurukoa bakarrik izatea da. Estrukturaren gainerakoa aglomeratu, kontratxapatu edo zuntzezko oholekin moldatzen da. Horrelakoak arboletako adar, azal, zerrauts eta txirbilez ekoizten badira ere, tenperatura edo hezetasun aldaketen aurrean altzariaren jokaera hobea bermatzen dute. Zumea, rattana eta melamina ere baliatzen diren arren, zura da denetan maitatuena. Nolanahi ere, zur edo egurretan ere alde handiak daude.
Oinarrizko batek hurrengoak bereizten ditu
• Egur gogorra: garestiena eta iraunkorrena. Alde honetara eginez gero, kaoba, haritza, gaztaina, pagoa, gerezia, intxaurra, lizarra, wenge edota teka, bertzeak bertze. Prezioa: armairu bat erosteko 1.000 eurotik gora.
• Egur samurra:merkeena eta arinena. Honelako zurak dira pinua, izeia, makala eta urkia, adibidez. Samurra da lantzeko baina horrek ez du erran nahi gutti iraunen duenik. Prezioa: armairu bat erosteko, 700 eurotik gora.
Altzaria kalitateduna den ezagutzeko elementuek
• Ertzak. Altzari sintetiko baten ertzak irregularrak eta itsatsiak egon ohi dira; zurezko altzariak, oholtzen kasuan, elkarri itsatsitako lamez edo pieza bakar batez osaturiko amaiera perfektua dauka.
• Bazterrak. Biribildurik egon behar dute, kolperik hartuz gero, kalte edo mina arintzeko.
• Kolorea. Egur naturalezko altzariek ñabardurak, betak eta kolore ez uniformeak agertzen dituzte.
• Bukaera. Altzaria bainuan jartzekoa bada, kanpo aldean korrosioaren kontrako berniz edo pintura eduki behar du. Haurrentzako altzariak direnean, garrantzi handikoa da pinturak berunik ez edukitzea.
• Distira. Distira handiegiak ikusmen-nekea eragiten du, are eta gehiago altzari horretara begira luzaro egotekoa bada.
• Erresistentzia eta ergonomia. Armairuak itxura sendoa erakutsi eta ergonomikoa izan behar du, hau da, gauzak hartzeko eta uzteko aukera erraza emanen duena. Loturek pisuaren aurreko erresistentzia agertu behar dute eta, altzaria haurrek badarabilte, erabilera intentsiboagoa jasateko modukoa behar du izan.
· Estalki seguruak. Estalki horizontalek, ixtean, inor kolpa ez dezaten, bat-bateko itxiera eragotziko duten elementuak eduki behar dituzte.
• Aireztatze sistemak. Altzari edukitzaileak –kutxak eta antzekoak– barrualdekoa aireztatzeko zuloak edo antzeko mekanismoak eduki behar dituzte.
• Egurrezkoak edo bestelakoak izan daitezke; garrantzitsuena, ongi fabrikatuak egotea da, atzealdea ondo bukatua (arraspatu eta bernizatua), doitze perfektua eta aurreikusiriko gehieneko kargaren araberako labaintze-sistema edukitzea.
Estiloak, egurrak
• Inperioa.Arrosa argi eta zerrodun uniformatuko kaobazkoak, batik bat, linea klasikoko altzariak.
• Neoklasikoa. Zur finak, hala nola haritza –horixka, erresistentzia handikoa– edota intxaurra –marroi arrexka eta zerrodun oparokoa–. Lerro zuzenak, itxura soilekoak, baina dotore-dotoreak.
• Koloniala. Gerezia –tonu gorrixka eta zerrodun distiratsua– eta bernizez trataturiko intxaurra darabiltza, batik bat, zahartu airea emateko.
• Probentzala. Gerezia darabilte gehien etxe horiek bere-bereak dituzten kutxak eta antzekoak moldatzeko.
• Landatarra. Pinu marroi argi edo horixka da estilo honetan hedatuena, “zaharkitua”, maiz. Eskuz landutako armairu, apalategi, liburutegi edota ateek etxeari giro berezia ematen diote.
• Modernoa. Txapadun eta melaminazko oholtzekin fabrikaturiko altzari hauen ezaugarriak dira bolumen zabalak edo minimalistak, lerro zuzenak eta modulukako distribuzioak.