Pladurra

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 18a

Hamaika erabilerako zelulosa

Isolatzaile termiko eta akustiko gisa dituen abantailez gainera, apainketan, altzarigintzan eta erabilera industrialetan baliatzen da pladurra.
Etxegintzan pladurra erabiltzeak hastapeneko alor anekdotiko hutsa aspaldi gainditu zuen, hamaika erabileretarako balio baitu: erabilera industrialetan, brikolajean eta, batez ere, apainketan balioesten da material honen arintasuna eta instalatzeko azkartasuna.
Kostua osaketaren arabera aldatzen da. Pladurra, igeltsuzko barnealdea estaltzen duten zelulosazko bi geruzak osatzen dute baina, segun-eta zertan erabiliko den, barnealde hori sendotua edo beste material batzuekin (beira-zuntzarekin, adibidez) osatua egon daiteke. Emaitza: ukipen atsegineko plaka, erresistentzia handikoa, baita suaren aurrean ere. Era askotako bukaera eman dakioke, gainera: pintura, papera, berniza, azulejoa…
Jartzeko unean, pladurra altzairu galbanizatuzko egitura batean kokatzen da; egitura hori hezurdura izanen da eta haren gainean plakak josi eta paper berezi batekin elkartuko dira. Eragiketa hau amaituta, torlojuak eta balizko akatsak masilla berezi batekin estaliko dira, bukaera uniformea erdietsi arte. Eragiketa garbi eta lehorra da eta obra-lanak bezainbeste hauts ez du harrotzen baina pazientzia handia eskatzen du, plakak zehatz-zehatz doituko badira.

Plaka-motak

Pladurraren jatorrizko estruktura igeltsu eta zelulosak osatua badago ere, barne-plaka hori hainbat materialezkoa izan daiteke, emanen zaion erabileraren arabera.
• Estandarrak. Igeltsu zuri eta zelulosazko bi kanpo-geruzak osatua. Hauxe da oinarrizko plaka eta hemendik abiaturik fabrikatzen dira gamako gainerakoak. Metro kuadroaren prezioa: 5 - 10 euro.

• Gogor sendoa. Bere diseinuari esker, gorputz gogorren kolpe eta inpaktuak hobeki pairatuko ditu eta, gainera, isolamendu artistiko ona erdietsiko du horrela. Ospitaletan, aisialdi zentroetan eta tankerakoetan baliatzen da. Metro koadroaren prezioa: 25 - 30 euro.

• Suaren kontrakoa. Barne-geruza igeltsuz eta beira-zuntzez osatua dago: material horrek sarexka gisa dihardu, su-garren kontrako erresistentzia areagotuz. Metro koadroaren prezioa: 7 - 30 euro.

• Uraren kontrakoa. Kanpoko zelulosazko plakak silikonaz tratatu dira, hezetasunaren xurgapena apaltzeko. Plaka hau biziki baliagarria da sotoetan eta bainuetan. Metro koadroaren prezioa: 20 - 30 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun