Euriborra

TTIPI TTAPA 2007ko abe. 18a, 12:38

Azken bi urte hauetako etengabeko igoerak biziki kaltetu ditu sakelak

Euriborrak markatzen du Europa osoan kontratatuta dauden hipoteken indizea. 2005az geroztik hilabetero etenik gabe gora egin du indize horrek, eta urri honetan, lehenengo aldiz, hautsi egin da joera hori %0,08ko merketze arin batekin. Euriborraren jautsiera berri ona da hipotekaren bat kontratatuta duten guztientzat, baita higiezinen sektore osoarentzat ere. Izan ere, higiezinen sektorea bereziki kezkatua dabil azken aldiotan hipoteken gorakada etengabeak etxebizitzen salmentan ekarri duen moteltzearekin.
Dena den, 2005eko irailaz geroztik euriborra %2,31 goratu da. Horrek eragin du batez besteko hipoteka bat (150.000 euro 25 urterako %0,5eko diferentzialarekin) hilabetean 690 euro ordaintzetik 897 euro ordaintzera pasatu dela.

Hipoteken baldintzak errebisatzea

Euriborraren presioak eraginda, milaka pertsonek erabaki dute euren hipotekaren baldintzak errebisatzea. Hala, gero eta jende gehiagok erabakitzen du amortizazio epea luzatzea, eta batez bertze, 26 urtekoa da epe hori momentu honetan. Hipoteka-mailegu gehien gehienak etxebizitza erosteko erabiltzen dira gaur egun.

Kredituak bateratzea baino hobe epea luzatzea

Hilabete bakoitzean ordaindu behar den kopurua zertxobait arintzeak ez da beti aukerarik hoberena. Jakitunen iritziz, hipoteka-kredituaren epea luzatzea da gastu guttien eragiten duena. Hagitz larriak ez diren kasuetan, bankuekin negoziatzen ahalegindu behar da, eta hipoteka-mailegua itzultzeko epea luzatzen saiatu. Hartara, interes gehiago ordainduko da denbora gehiagoan, baina aldi berean, hilabeteko kuota jautsi eginen da. Horrek momentuko estualditik atera lezake kontsumitzailea. Guztia bitartekari baten bidez kudeatzea, berriz, gastu gehien eragiten duen bidea da. Bitartekariak entitate ezberdinekin negoziatuko du eta kontsumitzailearen aukera onena zein den aztertu, baina trukean komisioa kobratuko du.

Behar puntuala denean, hurbileko bati eskatu mailegua

Ahal den neurrian, komenigarriagoa da mailegua hurbileko norbaiti eskatzea. Eta gerora, arazorik egon ez dadin, itzulpena nola eginen den xehetasunez zehaztu. Aukera hori eskuragarri ez badago, banku ezberdinetara jo eta negoziatu daiteke, eta proposamen onena onartu. Azken aukera gisa, bitartekariaren bidea hautatzen bada, baldintzak ongi aztertu deus sinatu aitzinetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun