Argindarraren tarifa-igoerak direla-eta fakturan aurrezteko, aholku eta ohitura soil-soilak betetzea arras egokia dela frogatu da.
• Jarri bonbilla konbentzionalen ordez (hauexek baitira guttien irauten eta gehien kontsumitzen dutenak) lanpara “eraginkorrak” (fluoreszente konpaktuak, erreaktantzia erradioaktiborik gabeak eta boltaje apaleko halogenoak): argitasun berbera ematen dute, 8 bider gehiago irauten dute eta energiaren %80rainoko aurrezkia egiten dute. Espainiako Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) arabera, bonbilla tradizional baten ordez kontsumo apaleko beste bat jartzeak, bigarren honen bizitza baliagarria amaitzean, 60 euro baino gehiagoko aurrezkia ekarri du.
• Etxean dauzkazun kontsumo handieneko hiru bonbillen ordez kontsumo apaleko hiru baliokide ipintzen badituzu, argiterian gastatzen duzuna erdira jautsiko duzu eta, aurrezki hori esker, erositakoak zortzi hilabetetan bere burua ordainduko du. Hortik 5 urtera, aurrezkia 300 euro ingurukoa izanen da.
• Lanpara fluoreszente konpaktuak energia aurreztaile apartak dira, are eta gehiago etxebizitzako kontsumo elektrikoaren %20 inguru argiterian gastatzen dena dela kontuan izanik. Arras litekeena da, behar hainako argitasun naturalik ez duten bizitza batzuetan gastu hori argindarraren faktura osoaren erdia ere izatea.
• Jarri fluoreszenteak argitasun handia behar duzun tokietan, argia denbora luzean pizturik eduki behar baduzu: sukaldean, bainuan, etab. Fluoreszenteak goriak baino 10 aldiz gehiago dirau eta lau aldiz energia gutxiago kontsumitzen du. Ez ibili etengabe piztu eta itzaliz, horrek lanpararen bizitza laburtzen baitu. Fluoreszentea itzalirik 20 minutu baino gutiago egotekoa bada, hobe duzu pizturik edukitzea.
• Lanpara guztiek, hautsik gabe egon behar dute, garbirik, igortzen duten argitasuna zikinkeriak traba ez dezan.
• Ahal den guztietan, balia zaitez argitasun naturalaz. Egun argiz, eduki zabal-zabalik gortina eta pertsianak, eguzkiaren argitasunari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Piztu argi artifiziala egiaz behar duzunean bakarrik. Inor ez dagoen tokietan ez utzi argirik piztuta.