Etxalarko Oiarburu baserriak kalte ugari izan zituen astelehen goizaldean gertatutako sute larri baten ondorioz. Tximista baten eraginez gertatu zen sutea, ganbaran zegoen koadro elektrikoa erre eta sua baserri osora hedatu zenean. Oiarburun senar-emazteak, hamazazpi urteko alabarekin eta amatxirekin bizi dira eta zorionez, denak onik atera dira baserritik eta zenbait gauza atera ahal izan zuten, baina halere, kalteak handiak izan dira. Normala denez, Oiarburuko bizilagunak atsekabetuak daude, etxebizitza hondatua eta bertan bizitzeko modurik gabe gelditu baita. Landetxe gisara ere erabiltzen zuten baserria eta beraz, etxebizitza ez ezik lanbidea ere galdu dute. Beraien egoeraren berri eman digu Agustina Goienetxe, Oiarburuko etxekoandreak. “Orain Mokorrean hartu gaituzte, baina bertze etxebizitzaren bat begiratu beharko dugu. Aseguruak aztertzen ari dira kalteak eta horiek zenbatekoak diren zehaztu arte, ezin da lanean hasi. Gure asmoa, noski, lehenbailehen Oiarburura bueltatzea da, baina denbora pasatuko da”.
Nafarroako Kutxan eta Rural Kutxan kontu bana ireki da
Horrelako egoeratan auniztan gertatzen denez, Oiarburua baserria moldatzen laguntzeko zenbait ekimen abiatu dira. Etxalarko udalak, errate baterako, Nafarroako Kutxan eta Rural Kutxan kontuak ireki ditu laguntzak bildu ahal izateko, kalteak handiak direla eta familiarentzat egoera gogorra dela kontuan hartuz. Nafarroako Kutxaren kontu zenbakia 2054 0021 37 9150566562 da eta Rural Kutxarena 3008 0086 28 1736722727. Patxiku Irisarri alkateak aipatu digunez, Etxalarko Sute Elkartetik ere diru bat bideratuko da Oiarburu moldatzeko. Bertze herrietan horrelako hondamendi naturalak gertatu direnean eman diren laguntzak kontuan hartuz, Nafarroako Gobernuko atea ere jo du Etxalarko Udalak eta Nafarroako Kutxan, interesik gabeko maileguak lortzeko aukera ere galdegin du.
Zare baten zozketa Toki-Ona Institutuan
Bertze aldetik, etxeko alabak, Sonia Gaintzak Berako Toki-Ona institutuan ikasten zuela kontuan hartuz, Toki-Onako Guraso Elkartea ere zare baten zozketa prestatu du. Horretarako, Bortzirietako komertzio ezberdinetan biltzen dituzten produktuak bilduko dituzte eta abenduaren 21ean zozketatuko da. Agustina Goienetxeren lantokian, Lorpen galtzerdi enpresan ere, zerbait egin gogo dute, lankideari laguntzeko. Cederna-Garalur erakundeak etxeak zaharberritzeko ematen dituen dirulaguntzak eta bertze diru-iturriak ere aztertzen ari dira Oiarburuko bizilagunak, berriz ere lehenbailehen baserrira bizitzera bueltatzeko asmoarekin.