Cafés Baqué txapelketa irabazi du Jon Jaunarena leitzarrak

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 13a

Aurrera eta Errekako pilotariek hainbat partida jokatu zituzten jaon den aste hondarrean

Doneztebeko Erreka eta Leitzako Aurrerako pilotariek hainbat partida jokatu zituzten joan den aste hondarrean. Batzutan elkarren kontra ere suertatu ziren. Honela, abenduaren 8an, Leitzako Amazabal pilotalekuan, Nafarroako klub arteko txapelketan, 22 urtez beheitiko kategoriako artida jokatu zuten Errekako Iñaki Iribarren eta Alain Ezkurrak, Aurrerako Lansalot eta Goikoetxearen kontra. Errekakoak 22 eta 8 nagusitu ziren. Atarrabian jokatutako partidan, kategoria berean, Errekako Imanol Mitxelenak eta Unai Urrutiak 17 eta 22 galdu zuten Paz Zigandako Pina eta Iriarteren kontra.

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, bigarren mailako benjaminen finalerdian galdu egin zuten Errekako ordezkariek Iruñean. Club Natacion Pamplona taldeko Ivan Garciak eta Asier Arangurenek 18 eta 3 irabazi zieten Oier Berasategi eta Julen Indari, Lizarran, bigarren mailako alebinen finalerdia jokatu zen eta honetan ere ez zuten suerterik izan Errekako ordezkariek. Lizarra Ikastolako Babil Barrikart eta Arkaitz Landerek 18 eta 6 irabazi zieten Errekako Jon Belarra eta Julen Juankorenari. Leitzarrei dagokienez, Amazabalen jokatutako partidetan, infantilen lehen mailan, Aurrerako Anartz Olano eta Mikel Hernandorenak 18 eta 9 irabazi zieten Zugarraldeako ordezkariei. Etxetik kanpo, Uharten, infantilen bigarren mailan, Aurrerako Ibai Gilek eta Jon Iparragirrek 18 eta 2 galdu zuten Uharteko bikotearen kontra. Burlatan, alebinen lehen mailan, Aurrerako Mikel Sagastibeltza eta Iñaki Saralegik 18 eta 2 irabazi zioten Zugarraldeko bikoteari eta Iruñan, infantilen lehen mailan, Aurrerako Xabier Jaunarenak eta Joxerra Aldaregiak 18 eta 7 irabazi zioten Oberenako bikoteari. Honela, larunbat honetan, abenduaren 15ean, bi finaletan jokatuko dute Aurrerako pilotariek: lehen mailako alebinetan, Aurrerako Sagastibeltza eta Saralegik, Oberenako Andueza eta Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute Atarrabian. Infantilen lehen mailan, berriz, txapela segurutik Leitzara joanen da, Aurrerako Xabier Jaunarena eta Joxerra Aldaregia alde batetik, eta Anartz Olano eta Mikel Hernandorena, bestetik, arituko baitira.

Lizarrako lau terdiko txapelketa

Lizarrako lau terdiko txapelketan, senior kategorian, Errekako Aritz Anguitak 14 eta 18 galdu zuen San Migueleko Jorge Yanizen kontra. Gazte mailan, aldiz, Errekako Ugutz Zelaietak 18 eta 16 irabazi zion Irurtzungo Xabier Aiestarani. Aurrerako pilotariek bi final ere irabazi zituzten Lizarran. Alebinetan, Mikel Sagastibeltzak 18 eta 9 irabazi zion Iribarriari eta infantiletan, Anartz Olanok 18 eta 15 irabazi zion Unai Zamorano lesakarrari. 22 urtez beheitiko kategorian, Aimar Lansalotek ere finala jokatu behar zuen baina atzeratu egin zen.

Jon Jaunarena berriz ere txapeldun

Aparteko aipamena merezi du Jon Jaunarenak. Guillermo Mazo txapelketa irabazi berritan, Cafés Baqué txapelketa ere irabazi zuen kadete mailan. Abenduaren 8an jokatutako finalean 18 eta 10 irabazi zion Zabaletari. Ez zuen halako suerterik izan Diario Vasco txapelketako finalerdian, promesas kategorian. Bolinagarekin bikote eginez 6 eta 22 galdu zuen Urrutikoetxea eta Landabururen kontra. Baina kontuan hartu behar da Jaunarena, 15 urterekin, lehen mailako kadetea dela eta kategoria honetan 18 urteko pilotariak aritzen direla. 16 urteko Bolinagarekin txapelketako bikote gazteena osatzen zuten eta halere, finalerdietaraino ailegatu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun