Lesakatik Baztanera gas naturalaren sarea hedatuko da

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 13a

Nafarroako Gobernuak 5,7 milioi euroko laguntza emanen dio Gas Navarrari

Nafarroako Gobernuak 5.717.200 euroko dirulaguntza emanen dio Gas Navarra enpresari, Lesaka-Sunbilla-Doneztebe-Bertizarana-Baztan gasbidea jartzeko. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko zuzendari nagusiari dirulaguntza hori emateko baimena eman dio Nafarroako Gobernuak. Baimen hori beharrezkoa da, gastua hiru urtez eginen baita. 3,1 milioi euro 2007ko aurrekontutik emanen dira, 515.200 euro 2008ko aurrekontutik eta gainerako 2 milioi euro 2009ko aurrekontutik.

Proiektuaren arabera, gaur egun Lesakara ailegatzen den sarera adar berri bat eginen zaio eta Sunbilla, Doneztebe, Legasako Arcelor lantegia eta herrigunea, Narbarte, Arraioz, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Irurita, Elizondo eta Elbetera hedatuko da gas naturala.

Eskualdearentzat abantailak

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren ustez egokia da proiektu hau diruz laguntzea, eskualdeari abantaila handiak ekarriko baitizkio. Petroleoaren eratorriak erabiltzen dituzten enpresei guttiago kutsatzen duen erregaia eskaintzeaz gain, hornidura seguruagoa izanen da. Enpresa batzuk urtutako gas naturala erabiltzen dute gaur egun, baina garraioa errepidez egin behar da. Horrek, hornidura zailtzeaz gain, gasbideko gasarekin konparatuta %10ean garestitzen du produktua. Enpresek ez ezik, herri handienetako komertzioek eta etxebizitza partikularrek ere izanen dute energia mota hau erabiltzeko modua, lehen eta bigarren mailako sareak eraikiko baitira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun