Santa Luzia eguna ospatuko dute ortzegunean Donezteben

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 12a

Urrezko Titarea Maria Teresa Mindegiari emanen dio aurten Udalak

Ortzegun honetan, abenduaren 13an, Santa Luzia Feria ospatuko dute Donezteben, jostunen eguna gogoratuz. Azkeneko urteetako ohiturari eutsiz, Doneztebeko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu, Cederna-Garalur elkartearen laguntzarekin.

Goizeko 10etatik eguerdiko ordubietara, artisauen lanen erakusketa eta salmenta izanen da eliza atarian. Aurten, artilea lantzen duen Bittoriano Arzuaga, egurra lantzen duten Juan Pedro Goñi, Jon Olaizola eta Santiago Hualde, Fausti Juanikorena jantzigilea, zilarra lantzen duen Malu Alvarez, zeramika egiten duen Daniel Fioramante, grabatuak egiten dituen Jose Luis Olaizola, Carlos Mindegia gasnagilea, Joxepa Loiarte eta Zubietako taloak eta Yubi gozogilea izanen dira beraien lanak eskaintzen.

Urrezko Titarea Maria Teresa Mindegiari

Goizeko 11:00etan Meza Nagusia izanen da eta Doneztebeko Udalak Zilarrezko Titarea emanen dio, aurten Maria Teresa Mindegia Muñoz jostunari.

Doneztebeko jubilatuen urte akabailako besta

Aipatzekoa da, Santa Luzia egun berean, urte akabailako besta izanen dutela Doneztebeko erretiratuek eta animazio handia espero da karriketan. Eguerdiko ordubietan bazkaria izanen dute jubilatuen egoitzan, honako menu honekin: Entremesak; arrain zopa edo haragi zopa; umerria entsaladarekin edo oilasko errea piperrarekin; kanutilloak edo izozkia, gazta eta kafea. Ondotik, arratsaldeko 16:30etik 19:30era dantzaldia izanen dute. Ostatua goizetik irekia egonen dela jakinarazi dute elkartetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun