111 Akademiak akademiakideak behar ditu Nafarroan eta Iparraldean

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 11

Irakurtzea gustuko duzula? Horixe nahikoa da 111 Akademiako kide izateko. Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren ekimenez abiatu zen 111 Akademia, euskal literaturzaleen lehenengo akademia. 111 kide izatea da helburu, eta horietatik guttienez 17 nafarrak izatea. Momentuz, 82 kide ditu, eta horietatik lau dira nafarrak, Erratzu, Etxalar eta Arantzakoak. Iparraldean ere zortzi akademiakide nahi lituzkete, 3 Lapurdin, 3 Baxenafarroan eta 2 Zuberoan eta momentuz ez dute bakarrik ere.

Oraingoz, funtsezko eginkizuna urtero Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena hautatzea da, irakurleentzat gogokoena den liburua saritzea, alegia. Hasieran, Beterriko Liburua aldizkariko irakurleek erabakitzen zuten nori eman ohorezko aipamena. 2000. urtean irakurle horiekin Epaimahai Orokor bat osatu zen, eta orain, epaimahai hori Euskal Herri osora zabaldu nahi da.

Interesatuak urtean guttienez bizpahiru liburu irakurri beharko lituzkete, urte horretan euskaraz argitaratuak; liburuak irakurri ahala, horiei buruzko iritzia bidaliko luke akademiara, eta urtea amaitzean bozka bidez aukeratu irakurri dituenetatik nori emanen liokeen urte horretako aipamena. Informazio gehiago: 943 696450 telefonoan, akademia@111akademia.com helbide elektronikoan, edo Baztan, Bera, Doneztebe, Leitza eta Lesakako liburutegietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun