Nafarroako Hiri Hondakin Solidoen Partzuergoan dauden bederatzi mankomunitatetan zaborren tasa igo eginen da urte berria hastearekin batera. Mankomunitate horien artean daude, hain zuzen, Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea eta Baztango Udala. Etxebizitza arruntetan 17,5 eurokoa izanen da urteko tasaren igoera; eta enpresen kasuan, 22 eurokoa. Tasa berri horrekin 2008an 1,7 milioi euro bilduko dira, eta horrez gain, Nafarroako Gobernuak 2,6 milioi euroko laguntza emanen du. Diru hori hondakinak Tuterako El Culebrete biometanizazio plantara garraiatu eta han dagokien tratamentua egiteko bideratuko da. Aipatzekoa da, zabor tona bakoitza behar bezala tratatzeak 50 euro balio dituela.
Gaur egun, Nafarroako Hiri Hondakin Solidoen Partzuergoa Nafarroako bederatzi mankomunitatek osatzen dute: Malerreka, Bortziriak, Baztango Udala, Zangotza, Mairaga, Izarbeibar, Erribera, Erriberagoitia eta Eska-Salazar. Horietaz gain, Montejurra eta Sakanakoek ere partzuergoan sartzeko asmoa dutela adierazi dute, baina horren tramitazioa bertze hilabete batzuez luzatuko litzateke. Behin horiek biak sartuta, Nafarroa osoan lau mankomunitate geldituko dira partzuergoan sartu gabe, gehienak Nafarroa iparraldean.
Bertzalde, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak bertze 5,4 milioi euro emanen ditu Nafarroan eginen diren hiru transferentzia gune eraikitzeko. Hiru planta berezi horietako bat Baztanen izanen da, Zozaian, eta Tafallan eta Zangotzan bertze biak. Gune horietan mankomunitateetako zaborra bildu, banatu eta trinkotu eginen lukete garraio gastuak murrizteko, eta gero dagokion tratamentu gunera eramanen lukete. Gaur egun, horretarako bakarra dago, Tuteran. Partzuergoan dauden mankomunitateen hondakinak kudeatzeko nahikoa da, baina Iruñerriko Mankomunitatea partzuergoan sartuz gero, bertzelako irtenbidea bilatu beharko litzateke.