Udal hautetsiak proposatzeko bozketak egin zituzten igandean Zubietan

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 11

18 lagunen zerrendatik zazpi proposatuko dituzte larunbatean

Zubietako bizilagunek herria gobernatzea nahi duten herritarrak aukeratu zituzten igandean egindako hauteskunde berezian. Guzira, 268 lagunek zuten bozkatzeko eskubidea eta erdiak baino gutixeagok, 124k bete zuten eskubide hori. Zazpi herritarren izenak jarri behar zituzten papertxo batean eta guzira 18 lagunen zerrenda ateri da. Hemezortzi lagun hauek larunbat honetan, abenduaren 15ean, bilduko dira, udala osatuko duten zazpi hautetsiak erabakitzeko.

Fermin Etxekoloneak eskuratu zituen botu gehien, 62; Patxiku Mitxelenak 50, Lino Elizaldek 46, Mikel Telletxea Beltzak 42, Ines Gerekak 34, Gorka Fuentesek 30, Jose Luis Mendiburuk 29, Jose Mari Juanikorenak 28, Periko Santestebanek 27, Pio Elizaldek 25, azken legealdiko lehenbiziko bi urtetan alkate izan zen Jon Mikel Aragonek 23 botu, Iñaki Etxeberriak 22, Tomas Otxandorenak 20, Benantzio Baleztenak, 1999tik 2003rako legealdian alkate izan zenak, 20 botu, Isabel Elizaldek 18, Txelo Urzainek 17, Battitta Santestebanek 16 eta Mikel Loiartek bertze 16 botu.

Bilera larunbatean

Jakina denez, maiatzeko eta urriko hauteskunde deialdietara ez zen zerrendarik aurkeztu Zubietan eta orain Nafarroako Gobernuari dagokio herria gobernatuko duen batzordea izendatzea. Zubietarrek, Iruñetik erabakia itsu-itsuan hartu ez dezaten, hauteskunde berezi hauek egitea erabaki zuten, beraiek hautagaiak aukeratu eta bere izendapena proposatzeko. Larunbatean eginen den bileran hartuko dute azken erabakia eta pentsatzekoa da Nafarroako Gobernuak zubietarren borondatea errespetatuko duela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun