Mendiaren Eguna antolatu du Doneztebeko Erreka elkarteak abenduaren 15ean

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 10a

Edurne Pasaban mendizaleak K2rako igoera aurkeztuko du

Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak datorren abenduaren 15erako, larunbata, Mendiaren Eguna antolatu du. Goizeko 7:30etan Autobus Geltokian izanen da lehendabiziko hitzordua, handikan Leurtzako Zirkora joateko, Bonozorrotz mendia goituz. Eguerdiko 1ean “mendizale poteoa” izanen da, eta ordubiterdietan bazkaria Kasino Elkartean. Apuntatzeko epea abenduaren 12a arte, asteazkena, egonen da zabalik.

Ondoren eguneko zita nagusia izanen da. Errekak goi mailako mendizale aunitz ekarri ditu azkeneko urteetan: Juanito Oiarzabal, Iñurrategi, Pou Anaiak edo Iñaki Ochoa de Olza. Aurten, arratsaldeko 7etatik aintzin, Doneztebeko Leku Eder Zineman Edurne Pasaban egonen da. Honek K-2 ra eginiko igoera historikoa erakusten duen proiekzioa emanen du.

Edurne Pasaban Lizarribar Tolosan jaio zen 1973an. Ingenieritza Teknikoa egiteaz gain, goi mailako alpinista da. Gaur egun 14 zortzimilakoak egiteko borrokan dabil, munduko emakume bakar batek ere lortu ez duen balentria.

Orain arte bederatzi zortzimilako goratu ditu: 2001ean Everest; 2002ann Makalu eta Cho Oyu; 2003an Lhotse, Gasherbrum II eta Gasherbrum I edo Hidden Peak; 2004an, K2; 2005ean Nanga Parbat eta 2007an Broad Peak.

2004an K2 goratu eta bizirik segitu zuen emakume bakarra izan zen Edurne, ordurarte bertze lauk lortu baizuten igoera, baina jeisterakoan edo bertze zortzimilakoetan bizia galdu zuten.Halere igoera izugarri gogorra suertatu zen hau, eta hankako bi behatzen falangeak galdu zituen izoztuak gelditu eta gero. Hain zuzen mendi honi buruz izanen da Doneztebeko proiekzioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun