Etxalarko Oiarburua kixkali du sute batek

ttipi-ttapa 2007ko abenduaren 10a

Oiarburun, etxebizitza eta lanbiderik gabe gelditu dira, suaren ondorioz. TTIPI TTAPA

Tximista batek eragin du sua, koadroa elektrikoa jota

Etxalarko Oiarburu baserriak kalte ugari izan ditu astelehen goizaldean gertatutako sute larri baten ondorioz. Badirudi tximista baten eraginez gertatu dela sutea, ganbaran zegoen koadro elektrikoa erre eta sua baserri osora hedatu denean.

Goizaldeko 2:37ean baserrian bizi direnek abisua eman dute Sos Navarraren 112 zenbakian. Oiarburun senar-emazteak, sei urteko alabarekin eta amatxirekin bizi dira eta zorionez, denak onik atera dira baserritik eta zenbait gauza atera ahal izan dute. Guzira hogei suhiltzaile joan dira Etxalarko baserrira, Oronoz-Mugairi eta Iruñeko profesionalak, eta Lesaka eta Berako boluntarioak, lau autobonba eta zisterna batekin. Goizaldeko 5ak aldera sutea kontrolpean zuten, baina suaren ondorioz teilatua erori egin da eta familia bizi zen lehen solairuan, kalte ugari sortu du.

Suhiltzaileek aipatutakoaren arabera, sutea ganbarako koadro elektrikoan piztu da, goizalde honetan Bortzirietan eta Nafarroako iparralde osoan erori den tximista ugarietako batek jota. Goiz osoan, Oiarburun izan dira suhiltzaileak, hondakinak kentzen eta eskoratze lanean. Etxalarko udaleko arkitektuari ere eman diote egoeraren berri. Normala denez, Oiarburuko bizilagunak atsekabetuak zeuden, etxebizitza hondatua eta bertan bizitzeko modurik gabe gelditu baita. Landetxe gisara ere erabiltzen zuten baserria eta beraz, etxebizitza ez ezik lanbidea ere galdu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun