Udal hautetsiak aukeratzeko hirugarren aukera izanen dute zubietarrek igandean

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 5a

Zubietarrek bere udal hautetsiek hautatzeko hirugarren aukera ianen dute abenduaren 9an, igandean. Jakina denez, maiatzeko udal hauteskundetara ez zen zerrendarik aurkeztu, ezta urrian egin ziren bigarren bozketetara ere. Honela, orain Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentua da datozen hiru urte terdian herria gobernatuko duen batzorde kudeatzailea aukeratzeko arduraduna.

Baina zubietarrek bilera egin zuten joan den hilabetean, eta Iruñekoen lana errazteko eta itsu-itsuan ez aritzeko, zerrenda irekien bidez aukeraketa bat egitea erabaki dute. Honela, igande honetan, abenduaren 9an, hauteskunde berezi hauek egiteko sistema honakoa izanen da: hautesle bakoitzak, Zubietko zazpi bizilagunen izenak apuntatuko ditu orritxo batean eta gehien bozkatu diren zazpi pertsonak proposatuko dira alkate eta zinegotzi karguetarako.

Bozketa, beti bezala, eskolan eginen da, ohiko mahai eta hautestontziekin. Honelako sistema bat Zubietan erabiltzen den lehendabiziko aldia da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun