Nafarroako klub arteko txapelketako lehen mailan segituko du Errekak

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 5a

Erreka A pilota taldeak, seniorren lehen mailan Nafarroako klub arteko txapelketan lehendabiziko kategorian segituko du heldu den urtean ere. Abenduaren 1ean jokatu zen Erreka eta Lizarrako San Miguel A taldearen arteko azken jardunaldia Doneztebeko pilotalekuan. Bi taldeak hiruna jardunaldi irabaziak zituzten eta beraz, emozio handia izan zen Donezteben. Lizarran jokatutako bi partidak Errekakoek irabaziak zituztela kontuan hartuz, aski zuten partida bat irabaztea. Eta horixe egin zuen buruz buru Iñaki Etxegarai beratarrak, San Migueleko Arkaitz Peñas-I 18 eta 13 irabazita. Aunitz jotzen du Etxegaraik eta ofizio handiko pilotaria da. Honela, buruz buru ongi moldatzen den Peñas-i, 17 urteko pilotariari irabaztea lortu zuen. Bigarren partidan, Errekako Markel Etxebeste beratarra eta Joseba Madariaga aranztarra, San Migueleko Jorge Yaniz eta Auxkin Perez profesional ohiaren kontra aritu ziren. 9 eta 22 galdu zuten Errekakoek, baina emaitzak ez du erakusten kantxan ikusitakoa. Etxebestek tantu bikainak egin zituen eta Madariagak aurre egin zion duela urtebete arte profesionala izan den eta sasoi ikaragarriarekin dagoen Auxkin-i. Arantzako atzelari gazteak hainbat pilota ekarri behar zituen hamargarren koadrotik eta aukera izan zuenean, berak ere koadro horretaraino jo zuen pilota. Azkenean, beraz, poz handia Errekako pilotari, entrenatzaile eta jarraitzaileentzat, heldu den urtean berriz ere lehen mailan jokatuko baitute eta hori ez da batere errexa.

Bigarren mailako seniorrek ere Donezteben jokatu zituzten partidak. Erreka Bko Imanol Baleztenak 3 eta 18 galdu zuen Irurtzun Bko Xabier Otxotorenaren kontra. Binaka ere, Erreka Bko Aritz Angita eta Raul Labianok 14 eta 22 galdu zuten Irurtzun Bko Xuban Armendariz eta Ladis Galartzaren, Galartza III.aren semearen, kontra.

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean ere zenbait partida jokatu dituzte Errekako pilotariek Donezteben. Bigarren mailako benjaminetan, Errekako Iñaki Maylin eta Mikel Lanak 17 eta 18 galdu zuten Errekako Oier Berasategi eta Julen Indaren kontra. Bigarren mailako alebinetan, Errekako Mikel eta Julen Retegik 18 eta 13 irabazi zieten Errekako Imanol de Rueda eta Josu Mitxeori eta kategoria berean, Errekako Daniel Moran eta Javier Saldiasek 6 eta 18 galdu zuten Zugarraldeko Xabier Villabona eta Alai Etxarriren kontra. Bigarren mailako benjaminetan, Errekako Haritz Narbarte eta Eloi Gartziak 9 eta 18 galdu zuten Aralar-Mendiko Unai Zubiri eta Iñigo Navarroren kontra. Bigarren mailako alebinetan, Errekako Jon Belarra eta Julen Juantorenak 18 eta 14 irabazi zieten Aurrerako Ander Eskudero eta Oinatz Mariezkurrenari eta bigarren mailako infantiletan, Errekako Jon Mikelarenak eta Jokin Uhaldek 6 eta 18 galdu zuten Aurrerako Jon Iparragirre eta Ibai Gilen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun