Abenduaren 1ean, larunbatean, Etxalarren usazaleen besta ospatu zen. Etxalar ez da sare bidez usoak harrapatzen dituen bakarra eta urtero elkartzen dira. Aste guztian nahiko eguraldi ona egin zuen, baina larunbata triste eta euritsu iratzarri zen. Goizeko 9:30ean Etxalarko usategietan lan egiten dutenek hitzordua paratu zuten bilgura bat egiteko eta ondotik, denak elkartzeko. Ohikoa omen da besta honetan gonbidatuek usategiak bisitatu eta itzulixka bat ematea, baina larunbatean ia ezinezkoa gertatu zen, eguraldiak ez baitzuen batere lagundu. Bisitan etorritakoek umore ederra erakutsi zuten eta besta polita egiteko asmoa zutela. Poliki-poliki gonbidatuak usazaleen txabolara iritsi ziren. Mahaia dotore paratua zuten, jan-edariekin eta iritsi ahala azkar batean hartzen zuten tragoxka bat.
Lannen uso gehien, Saran guttien, Etxalar hirugarren
Denboraldi ona izan da aurtengoa eta usazaleak kontent ziren. Usategi bakoitzak egin duen denboraldia adierazi zuten: 1. Lanne (675 metroko garaieran) 2.578 uso 2. Napale (500 metroko garaieran) 2.050 uso 3. Etxalar (500 metroko garaieran) 1.692 uso 4. Lantabat (330 metroko garaieran) 1.675 uso 5. Lekunberri (613 metroko garaieran) 1.214 uso 6. Oskitx (400 metroko garaieran) 1.125 uso 7. Aldude (480 metroko garaieran) 550 uso 8. Gatagoren (803 metroko garaieran) 535 uso 9. Olobi (780 metroko garaieran) 228 uso 10. Sara (480 metroko garaieran) 26 uso
2005ean 1.942 eta 2006an 2.875. Eta bertze aldean Sara dago. Bertan kopuru txikiena harrapatu izan dute: 2003an 88, 2004an 152, 2005ean 2 eta 2006an 40. Etxalarko datuak aintzat hartuz, 2003an 1.090, 2004an 917, 2005ean 516 eta 2006an 312 harrapatu dute. 2003an 10 usategiek 6.061 harrapatu zituzten, 2004ean 9.095, 2005ean 5.808, 2006ean 6.591 eta 2007an 11.678. Hortaz aspaldiko sasoi hoberena izan da aurtengoa.
Bazkaria plazako karpan
Eguerdiko 13:30erako herrira jautsi eta tragoxka bat hartu ondoren egun horretarako bereziki prestatutako karpan bazkaria egin zuten: iler gorriak, usoa…dena eskertzen zen eguraldi umel eta hotzari aurre egiteko aproposa baitzen. Trikitilarien doinuekin eguerdi ondoko giroa alaitu zuten eta heldu den urte arte agurtu. Etxalarrek berriz ere besta hau hartuko du 2017 urtean.