Bidasoa errekari buruzko ondorioak ezagutzera eman ditu Uraren Foroak

TTIPI TTAPA 2007ko aza. 29a, 14:00

Uraren Foroko kide batzuk, asteazkenean egindako aurkezpenaren aitzinetik. TTIPI TTAPA

2015. urtean arro osoan uraren egoera ona izatea da helburua

Nafarroa osoko erreka arro ezberdinei buruzko Uraren Foroa egiten ari da hilabete hauetan. Bidasoa arroari dagokionez, hainbat bilera egin dira Bertizen eta hauei buruzko ondorioak eta etorkizunean segitu beharreko lan ildoei buruzko azalpenak eman zituzten azaroaren 28an, asteazken arratsaldean.

Foro hau uraren inguruan interesa duen edozeini irekia egon da, izan udal erakunde, erabiltzaile, enpresa, elkarte edo pertsonak indibidualki. Bidasoa errekaren arroaren egoerari buruz hausnartzeko zuzeneko gonbidapenak egin zaizkie 280 pertsonei eta prozesuan Baztan, Bortziriak eta Malerrekako 60 bat lagunek hartu dute parte. Bederatzi hilabetez zortzi bilera egin dira: hasierako bileren ondotik, aurkezpena egin zen martxoan; maiatza eta ekaineko bileretan gaur egungo egoera eta helburuei buruzko diagnostioa egin zen; ekainean, irailean eta urrian, uraren kalitatea hobetzeko neurriei buruzko sesioak egin ziren eta asteazkeneko emaitzen aurkezpenaren ondotik, erakunde ezberdinekin bilerak eginen dituzte orain. Foro honen azken helburua, 2015. urtean Bidasoako uraren egoera ona izatea da, horretarako behar diren neurriak proposatuz.

Honela, foroan parte hartu dutenen ustez, ur-hornidura leku guzietan ez dagoela segurtatua, erreka bazterren eta ekosistemaren egoera txarra eta uraren kontaminazioa dira arazo nagusiak. Industria eta herrietako isurketak ere aipatu dituzte arazo handi bezala, bertze zenbait gairekin batera. Arazo nagusiak ezagutu ondotik, helburu nagusiak ezarri ditu foroak. Alde batetik, erreka eta ekosistema mantentzeko ur-emari nahikoa segurtatu nahi da; uraren kalitatea eta errekako ekosistemaren kalitate hidromorfologikoa ere hobetu behar dira; uraren erabilpen jasangarria sustatu nahi da, kudeaketa eta kontrola hobetu eta sentsibilizazioa landu. Helburu hauek kontuan hartuta, zenbait neurri ere proposatu ditu Uraren Foroak eta hemendik aitzinera, udalei, mankomunitateei, Nafarroako Gobernuari eta Uren Konfederazioari hartu beharko liratekeen neurri hauen berri emanen zaie.

Horretarako, hiru bozeramale izanen ditu Uraren Foroak. Sektore publikoaren bozeramalea Vicente Arotzena Arantzako zinegotzia izanen da eta ordezkoa, Deñe Abuin, Lesakako zinegotzia. Sektore produktiboaren bozeramalea, Jose Javier Arraztoa, energia hidroelektrikoaren produktorea izanen da eta ordezkoa, Cederna-Garalur erakundeko Arantxa Arregi; gizarte sektorearen ordezkaria, Jorge Teniente, ANMS Ríos con vida elkarteko presidentea izanen da eta ordezkoa, Jose Ignacio Irusta erabiltzailea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun