Iparraldeko zortzi usategietako langileak eta Etxalartik 12 bat inguru. Guztira 120 lagunetik goiti bilduko dira larunbat honetan, abenduaren 1ean herriko plazan, uso-denboraldiaren akabera ospatzeko. Aurten gainera, etxalartarrek bederen, aitzakia badute, azkeneko bortz-sei urteetako denboraldirik onena izan delakoz. Iaz 36 dozena bakarrik hartu zituzten. Aurten laukoiztu egin dute kopurua: 141 dozena harrapatu dituzte, 1.694 uso denetara. Kontent daude Etxalarko usazaleak, haizea alde izan dutelako, iparra egun aunitzetan etorri da eta usoek bide naturala hartu dute, kostatik pasatu beharrean, mendi ingurura hurbildu dira. Aspaldiko partez, aspertzeko asti haundirik ez dute izan bi hilabete hauetan, eta irri ederrekin akabatu dute denboraldia.
Aspaldiko ohitura da denboraldi bukaeran Euskal Herriko bederatzi usategiak, Iparraldeko zortzi eta Etxalarkoa, bazkari baten bueltan elkartzea. Urtero herri desberdinean egiten da besta eta aurten Etxalarri tokatu zaio. Goizean Iharmendiko gainera joanen dira denak, bertakoak eta gonbidatuak, bisita gidatu batean Usategiak ikusteko. Eguerdi partean, herrira jautsi eta bazkari ederraren bueltan bilduko dira. Arratsaldean trikitixa izanen da. Seguraski, berandurarte luzatuko da besta gehienentzat.
Uso gehien eta gutien harrapatu dutenei zapela
Bazkalondotik, ranking bat eginen da 9 usategien artean, bakoitzak harrapatu dituen uso-kopuruaren arabera. Gehien lortu dituen usategiari txapela emanen zaio, baita guttien harrapatu duenari ere. Etxalarkoak goiko postuetan egonen dira aurten, 141 dozenako marka ez baita edonolakoa.