Urteroko ohiturari hutsik egin gabe, aurten ere Kultur Egunak antolatu ditu Ibintza Kultur Taldeak. Ortziral honetan, azaroak 30, hasi eta igandera arte eginen dira. Ortziralean, arratseko 20:00etan talo jatea eginen da Herriko Etxeko Ganbaran eta ondotik kantaldia izanen da Jaione Olazabalekin eta Jonekin.
Larunbatean, haurrendako ikuskizunak eta bertso afaria
Larunbat goizean haurrak izanen dira protagonistak. 11:00etan haur jokoak eta tailerra izanen dira, eta 1:30ean haurrendako bazkaria Herriko Etxeko Ganbaran. Arratsaldeko 16:00etan, hamasei urtetik gorakoentzako mus txapelketa hasiko da, baina ttikienek ere izanen dute jostatzeko aukerarik, partxis txapelketa izanen baitute. Arratsaldeko 4:30ean Patxin-Potxin pailazoek ikuskizuna eskainiko dute plazan eta egunari akabaila ona emateko bertso afaria eginen da Herriko Ostatuan Jexux Mari Irazu eta Xabier Amuriza bertsolariekin. Ondotik, dantzaldia izanen da Sebastianekin. Afari honetan parte hartu nahi duenak, abudo mugitu beharko du, txartelak ortzirala arte, azaroaren 30a arte baitaude salgai.
Igandea izanen da azken eguna. Arratsaldean tortilla patata eta bizkotxo lehiaketa einen da eta parte hartu nahi duenak, etxetik eraman beharko ditu.
Eguberrietako zozketarako txartela salgai
Bertze urte batez Ibintza Kultur Taldeak Eguberrietako zozketarako txartelak salgai paratu ditu. Zozketa 2008ko urtarrilaren 5ean eginen da eta hau izanen dira sariak: lehenbizikoa zare eder bat; bigarrena bizikleta eta hirugarrena bi lagunendako afaria Altxunea Erretegian. Sariak herriko denda, ostatu eta ileapaindegiekin osatuak dira. Zenbaki sarituak Ttipi-Ttapa, Xaloa eta Xorroxinen jakinaraziko dira.