Urdazubin eta Otsondon, Nafarroako Mendialdeko Planean sartuak dauden zenbait proiektu bisitatu zituen joan den ortziralean Juan Ramon Corpas-ek, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilariak. Zehazki, Otsondon inguruko monumentu megalitikoen barna egindako bidaxka interpretatiboak eta Urdazubin, Salbatore monastegian egindako lanak bisitatu zituen. Biak Cederna-Garalur erakundeak kudeatzen duen Nafarroako Mendialdeko Dinamizazio Planean sartutako proiektuak dira eta Nafarroako Gobernuak 1.400.000 euroko dirulaguntza eman die.
Otsondoko bidaxka interpretatiboen kasuan, ibilbideak gauzatzerakoan, 60 bat trikuharri, harrespil, iruinarri eta tumulu aukeratu dira eta horiek elkartzeko bidaxkak zehaztu dira. Bide hauetako lau berriak dira eta bertze bortz, lehendik balizatutako batzuk egokituz egin dira. Proiektua, Baztango bidaxken maparen argitarapenarekin osatu da. Baztango Museo Etnografikoan ikusgai izanen den bideo bat ere editatu da. Baztango Udalak 69.594,20 euroko aurrekontua izan du lan hauetarako eta Nafarroako Gobernuak %64,22 ordaindu du.
Urdazubiko Salbatore monastegiaren inguruan egindako lanei dagokienez, plaza moldatu da, eremu publikoaren izaera indartuz eta, aldi berean, monastegiari eta ondoko elizari protagonismo gehiago emanez. Horretarako, 1970. hamarkadan eraiki zen frontoia bota egin da eta monastegiaren gibeleko aldean eginen da berria. Plaza bera antolatu da, autoendako eta autobus batendako aparkalekua eginez; oinezkoendako lekua, zurezko markesin, aulkiak, jolas-parkea eta argiteria ere egokitu dira. Urdazubiko udalak 140.773 euroko aurrekontua izan du lan hauetarako eta kasu honetan ere, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo departamentuak %64,22 ordaindu du. Bertze aldetik, Nafarroako Mendialdeko Kalitate Batzordearen azken batzarrean Urdazubi ingurua edertzeko lanak bertze 50.000 euroko laguntzarekin osatzea erabaki zen.
Praktika egokien manualak
Azkenik, Kultura eta Turismo kontseilariak Praktika Egokien Manualak banatu zituen Urdazubiko monastegian, mendialdeko helmuga turistikoaren kalitate orokorra hobetzeko helburuarekin. Zehazki, gure eskualdeari dagokionez, Doneztebeko Casa Ostiz zapatadenda eta papertegiak, Ibarrola mertzeriak, Maricruz lentzeriak eta Alustiza lurrindendak, Elizondoko Ipingi arropadendak, Maricruz lentzeriak, Argibel optikak eta Jorge Oteiza Museo Etnografikoak; Narbarteko BKZ enpresak eta Bertiz aterpeak eta Arizkungo Santxotena eskultura parkeak eta Pedro Zapataren forjak eskuratu dituzte manualak.