Malerrekako Agenda 21 Foroak ortzegun honetan, azaroaren 29ean Doneztebeko Erakusketa Aretoan partehartze foroa eginen du arratsaldeko 19:00etatik 20:30era bitartean eta bertan parte hartzeko gonbitea egin die interesa duen edonorri. Malerrekako Agenda 21 zonaldeko 13 Udalek osatzen dute, Beintza-Labaien, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Ituren, Oitz, Saldias, Sunbilla, Urrotz eta Zubietak eta Cederna-Garalur erakundearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin martxan ipinitako prozesua da.
Bortzirietan, Baztanen edo Leitzaldean egin den bezalaxe, Agenda 21aren helburua Malerrekarako garapen plan bat osatzea da; ingurumen-lurralde-ekonomia-gizarte arloetako garapen orekatua bultzatuko duen plana, eta bertan bizi eta lan egiten duzuenokin osatua ahal den heinean. Guztira urte terdi inguruko iraunpena duen prozesuak bi fase nagusi ditu: bata, lehenengoa, diagnosi faseari dagokio, hainbat esparrutan Malerrekan nola dagoen jakiteko); eta bigarrena, batipat hobetu beharreko arloei begira, proposamen edo Malerrekarako interesgarriak diren proiektuak eta proposamenak biltzera zuzendua dago.
Berez Agenda 21aren ezaugarrietako bat da partehartzea bera. Horregatik prozesuan politikarien, teknikarien, eragile sozialen eta herritarren partehartzea bultzatu eta egokitzen saiatuko dira, bide eta espazio ezberdinetan oinarrituz.
311 lagunei inkesta
Pasa den ekainean prozesuari hasiera eman zitzaionetik, politikari eta teknikariekin izan dira lehen bilerak, eta gaiez-gaiko diagnosiari ere eman diote hasiera. Horrez gain, uda partean eskualdeko 311 herritarrei inkesta bat egin zitzaien, Malerrekako hainbat gaiei buruz beraien iritzia ezagutzeko.
Prozesu tekniko eta partehartzaileari segida emateko, bilerekin segituko dute, baina zita garrantzitsua dute Malerrekako Agenda 21eko zonaldeko partehartze foroarekin. Foro hau 13 udalerrietan prozesuarekiko interesa duen edonorri zabaldua dago. Oraingoz, eta lehen diagnosi faserako, bortz alditan biltzea aurreikusi dute, arloz-arlo Malerrekako errealitatea aztertzen joateko. Eta lehen saioa, aipatu bezala, ortzegunean, azaroak 29, aginen dute arratsaldeko 7etan Doneztebeko Erakusketa Aretoan. Saio honetan uda partean egindako inkestaren emaitzen berri emanen dute, abiapuntu gisa.