Zerriak hazten dituzten Nafarroako zortzi zerri hazlek lortu dute aurten Lleidan egiten den Porc D’Or lehiaketako saria. Katalunyako Generalitat-aren menpe dagoen Institut de Recerca I Tecnologia Agroalimentàries erakundeak ematen ditu dominak, produkzio datuen arabera estatu osoko zerri-esplotazio onenak sarituz. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, zerri-esplotazioa BDporc izeneko datu-basean sartua egon behar du.
2007ko hamalaugarren edizio honetan, guzira 450.000 zerrama dituzten estatu osoko 900 zerri-haztegik hartu dute parte. Hauetatik 77 esplotazio izendatuak zeuden 48 sarirako. Izan ere deialdian hiru produktibitate arlo ezberdinen saritzen dira, bizirik jaiotako zerrikumeak, produktibitate kopurua eta umatze-tasa, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominarekin. Nafarroako 21 esplotazio zeuden sarirako proposatuak eta horietatik zortzik hamar sari lortu dituzte, kontuan hartuz bi esplotazioak bina sari lortu dituztela.
Bitxikeri gisara, sarituen artean, Begoña Sanzberro, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria dago. Almandozko abeltzaina hirugarren aldiz saritu dute Porc D’Or lehiaketa honetan. Sanzberrok urrezko domina eskuratu zuen eta eskualdeko bertze zenbait zerri hazlek ere lortu dute saria. Etxalarko Francisco Javier Irisarrik brontze eta urrezko dominak lortu ditu espezialitate ezberdinetan; Iturengo Isidro Bazterrika Mutuberriak urrezkoa, Urrozko Jose Maria Iribarren Etxegiak zilarrezkoa, Berroetako Juana Etxenike Bikondoak brontzezkoa eta Donamariako Leon Lasaga Irazokik zilarrezkoa.