Arkupeak erretiratuen elkartea, Baztan-Bidasoa eskualdeko elkarte garrantzitsuena da. Erretiratu, pentsionista eta alargunek parte hartzen dute eta denetara 3.600 bazkide ditu. Hauetatik 700 elkartu ziren Donezteben urte bukaerako bestan. Eguneko lehen ekitaldia meza izan zen eta hau Doneztebeko apeza de Jesus Goldarazek eman zuen. Eliza jendez beteta zegoen eta kanpoko aldean jarri zuten megafoniari esker jarraitzeko aukera izan zuten.
Urte bukaerako besta honetara beste urteetan baino bazkide gutxiago joan dira. Aurreko urtearekin alderatuz, 300 gutxiago. Omenaldi besta izan zen eta Felipe Ganboa elkarteko lehendakariak gogoan izan zituen aurten hil diren 86 bazkideak. Baina era berean, bazkideek momentuak partekatu eta leku berriak ezagutzeko duten gogoa azpimarratu zen. Aurten banaz bertze bidai bakoitzera 380 bazkide joan dira.
Omenaldiak
Meza ondotik denak kiroldegira joan ziren, bazkaria bertan antolatuta baitzegoen. Baina hori baino lehen eguneko momentu hunkigarriena bizitu zen, omenaldiena. Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak eta Marta Alvarez garapenerako elkarlaguntza eta gizarte gaietarako zuzendari nagusiak bertaratutakoei ongi-etorria eman eta sei omenaldi egin ziren. Honako hauek jaso zuten txapela, makila eta lore sorta: 87 urteko Joaquin Goikoetxea zuzendaritzako kideak, 87 urteko Jose Urrutia Saldiasko delegatuak, 92 urteko Anuntxi Agestak berriki arte zuzendaritzako kide izandakoak eta bere senarra den Jose Paul Corrales 86 urtekoak, azken hau zuzendaritzako kidea izateaz gain, delegatua eta Arkupeak elkarteko idazkaria ere badenak. Baina aurten hil diren bertze bi kide ere omendu nahi izan ziren, Pantxito eta Rosario Gorostiaga anai-arrebak. Biak
Egun ederra izan zuten larunbatean, baina bestak ez dira bere horretan geratuko, urtarrilaren 20ean Eusebio Irazokiri omenaldia eginen baitzaio Sunbillan.