Amaiur B taldeak irabazi du Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketa

Aitor AROTZENA 2007ko azaroaren 26a

Amaiur B taldea Lesakan jokatu zen saioan. TTIPI TTAPA

Emakumezkoetan Sakana gailendu da

Amaiur B taldeak gizonezkoetan eta Sakanak emakumezkoetan irabazi dute Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketa. Aurten, seikoteen artean jokatu da txapelketa hau, 465 kiloz beheiti gizonezkoetan eta 390 kiloz beheiti emakumezkoetan.

Larunbatean jokatu zen Txantrean hirugarren eta azken jardunaldia eta erraten ahal da, astebete lehenago Lesakan jokatu zenaren errepikapena izan zela. Gizonezkoetan, Amaiur B nagusitu zen tiraldi guzietan eta 3 puntu lortu zituen. Amaiur Ak Txantreari irabazi zion, baina Amaiur Bren kontra galdu eta Txantreak tiraldi guziak galdu zituen. Honela, azken saiora berdinduak ailegatu ziren Amaiurko bi taldeak, baina azkenean Amaiur B izan zen txapeldun 8 punturekin, bigarren Amaiur A 7 punturekin eta Txantrea hirugarren 3 punturekin.

Emakumezkoetan Sakanak pronostikoak bete eta tiraldi guziak irabazi zituen Txantrean, txapela bereganatuz. Lesakako Beti Gazte A izan zen bigarren, Beti Gazte B hirugarren eta Txantrea laugarren. Sailkapen orokorra ere horrelaxe gelditu zen: Sakana txapeldun 11 punturekin, Beti Gazte A bigarren 9 punturekin, Beti Gazte B hirugarren 7 punturekin eta Txantrea laugarren 3 punturekin.

Euskal Herriko 4x4 txapelketako saioa larunbatean Amaiurren

Bertze aldetik, datorren larunbatean, abenduaren 1ean, arratsaldeko 5etan hasita, Euskal Herriko Goma Gaineko 4x4 Soka-Tira Txapelketako jardunaldi bat ospatuko da Amaiurko frontoian. Larunbateko jardunaldia 290 kiloz beheitiko gizonezko taldeen lehena izanen da eta bertan ondorengo taldeek hartuko dute parte: Abadiño “A”, Abadiño “B”, Sokarri, Gaztedi, Amaiur “A”, Amaiur “B”, Badaiotz eta 6 Conceyos. Lau talde Bizkaiakoak dira, Badaiotz Arabakoa, 6 Conceyos Asturiaskoa eta Amaiurko bi taldeak izanen dira Nafarroako ordezkariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun