Eskualdeko txirrindulariek emaitza onekin amaitu dute denboraldia

Artxibokoa 2007ko azaroaren 26a

Joseba Larralde Bidelan taldean ari da eta emaitza onak eskuratu ditu denboraldi honetan. TTIPI TTAPA

Mikel Nieve leitzarra aurtengo estatu espainiarreko amateurrik onena

Aunitz dira gaur egun lasterketetan parte hartzen duten eskualdeko txirrindulariak. Denak biltzea zaila da baina horietatik batzuk bildu ditugu. Gehienek ere denboraldi ona egin dute. Halere, aipatu, Jon Oskaritzek ezin izan duela bere maila eman, denboraldi hasieran klabikula hausteak arazo franko ekarri baitizkio arizkundarrari.

Jose Luis Agesta jubenila txukun ibili da eta emaitzek hala erakusten dute. Orain Bi-Lux taldean ari da, baina baliteke hurrengo urtean Seguros Bilbaora joatea. Lehen postuak lortu zituen Bilatortan, Errenterian, Zangotzan eta Arroitzen. Azken honetan, bigarren urtez jarraian Nafarroako txapeldun izan zen. Horrez gain, bigarren sailkatu zen Arreko txapelketan, eta laugarren Altsasun eta Beran. Castellonen jokatutako lasterketa nazionalean, 25. izan zen almandoztarra.

Garikoitz Atxa afizionatuetan ari da, Lizarte taldean. Almandoztarrak berandu ekin zion denboraldiari eskumuturra hautsi zuelako, baina laster etorri ziren garaipenak: Haro (Errioxa) eta Laudioko lasterketetan lehena izan zen; Arroitzen bigarren sailkatu zen eta horrenbertzez, elite mailako Nafarroako txapeldun izan zen bigarrenez; Uharteko saioan hirugarren izan zen eta bosgarren Llagostiko Itzuliko (Katalunia) etapa batean. Murtzian jokatutako nazio mailako lasterketan 65. sailkatu zen.

Francisco Meoki Scania-Conauton ari den beterano elizondarra ere ederki moldatu da: lehena izan zen Astudilloko (Palentzia) eta Erriberako Itzuliko etapetan, baita Olite eta Moros Calatayudeko (Zaragoza) lasterketetan ere, beteranoak-40-en mailan; bigarren postua Iruñan eskuratu zuen, eta bere mailan eta mendian lehenbizikoa izan zen; Gasteizen eta Nafarroako Kopako finalean bigarren gelditu zen, eta 23. Jaengo txapelketa nazionalean.

Ebakuntza bat tarteko, Iñaki Villoria Scania-Conautoko almandoztarrak ere berandu hasi zuen denboraldia, baina lan fina egin du: lehena izan zen Fromistan (Palentzia) eta tarteko helmugetan; bigarren Apatamonasterioko (Bizkaia) lasterketan, eta Master 30ean lehena eta Euskadiko txapeldun; hirugarren sailkatu zen Moros Calatayuden (Zaragoza) eta tarteko helmugetan; laugarrena izan zen Iruñan bigarrena Master 30ean; Eguesen hirugarrena izan zen Master 30ean; Nafarroako Kopako finalean Master-30 lasterketan ere hirugarren gelditu zen eta 30. Jaenen.

Bidelan-Kirolgi taldeko Joseba Larralde beratarrak saio ona egin du denboraldi honetan. Bigarren sailkatu zen 23 urtez azpikoetan Arroitzen, eta hirugarren Ledesman eta Arroitzen. Bosgarren izan zen Berriatuan eta seigarren Tudela de Dueroko (Valladolid) etapa batean eta Campaspero eta Lazkako lasterketetan. Ayeguin eta Villatortan (Katalunia) zazpigarren izan zen. Bidasoako Itzulian ere lan bikaina egin zuen eta sailkapenean 17. lekuan bukatu zuen. Ororbian, Laukizen eta Duranan 10. postua lortu zuen eta Camargon eta Muxikan 12.a; Salamankako txapelketa batean 13. gelditu zen eta 15. Fiteron eta Lemoien. Gijueloko (Salamanka) etapa batean 17. izan zen eta Mutilba Beheko txapelketan 18.; Mojadoseko Itzuliko (Valladolid) lehen etapan 22. izan zen eta Salamankako Itzulian, hiru etapetan 27., 31. eta 63. sailkatu zen.

Mikel Nieve leitzarrari buruz zer erranik ez. Orbea taldean ariko denak, denboraldi bikaina egin du eta estatu espainiarreko amateurrik onena izendatua izan da.

Guttiago dira neskak baina badira etorkizuna izan dezaketenak ere. Judit Saizar Aralar Txirrindulari Taldeko leitzarra infantil mailan ari da eta lan txukuna egin du: lehena izan zen Nafarroako eskolarteko txapelketan, nesken kategorian. Euskadiko eskolarteko txapelketan ere lehena izan zen eta Nafarroako selekzioarekin Espainiako Txapelketan zazpigarren.

Andoitz Azurmendi leitzarra Burunda Txirrindulari Taldean ari da, kadeteetan. Denboraldi honetan lau lehen postu eskuratu ditu —hiru mendian—eta lau bigarren postu—bi mendian—. Horrez gain, Valladoliden, Espainiako Txappelketan 14. gelditu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun