Doneztebeko feria egunean jokatu zen Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketan emozio handia izan zen, batez ere lehen enborretan. Aurtizko Ander Erasun, Leitzako Arkaitz Olano, Arostegiko Julen Kañamares, Iruñeko Ruben Saralegi, Asteasuko Jokin Alkizalete eta Zumarragako Julen Aranbarri aritu ziren. Oihan eta Garikoitz Larretxea ere txapelketa honetan aritzekoak ziren, baina azkenean ez zuten parte hartu, lesionatuak zeudelakoz.
Aizkolari gazteek bi kanaerdiko eta lau 45 ontzako moztu behar zituzten, eta aipatu bezala, lehia estua izan zen hasieran, batez ere Erasun, Olano eta Kañamaresen artean.
Lan erditan, kasik berdinduak zeuden hiruak. Kañamaresek 4 minutu 39 segundotan moztu zuen, Olanok segundo bat gehiago behar izan zuen eta Erasunek bortz gehiago. Saralegi ere ez zen burutik urrun, 24 segundora eta bi gipuzkoarrak dezente gibelago geldituak ziren.
Baina lehenbiziko lan erdiko ezaugarria berdintasuna izan bazen, bigarren erdiarena Ander Erasun aurtiztarraren nagusitasuna izan zen. Pixkanaka aldea handitzen joan zen eta azkeneko enborra 10 minutu eta 37 segundotan moztu zuen Ander Erasunek, duela bi urte Ugaitz Mugertzak egin zuen marka hobetuz. Kañamaresek ere marka polita egin zuen, 11 minutu eta 18 segundo.
Aipatu bezala, Olano leitzarra hustutzen joan zen eta azkenean hirugarren postua ere galdu egin zuen, Saralegiren mesedetan. Olanok Saralegik baino 4 segundo gehiago behar izan zituen. Alkizalete izan zen bosgarren eta Aranbarri gaztetxoa seigarren.
Binakako Urrezko Aizkora abenduan
Ander Erasun gustura zegoen txapelarekin. «Denek faborito bezala jotzen ninduten, baina aste erdian gaizki ibili naiz tripetatik, goitika… Uste nuen ez nuela nirea emanen, baina lortu dut». Hasieran lehia berdindua ikusi zuen, «besteek ere gogor jo dutelako, baina nik erritmoari eutsi diot». Bi urtean laugarren txapela da Erasunentzat eta urteko hirugarrena (Nafarroako 3. mailakoa ere irabazi zuen) eta gustura dago egindako lanarekin: «Urtea ezin hobe doaie, gustura nago». Orain, abenduan Binakako Urrezko Aizkora txapelketan arituko da Aurtizkoa.