Herriko Etxeak eta Paueko Kontseilu Nagusiak bortz miliun euro baliatuko dituzte herriko saihesbidea egiteko. Bide berriaren xedea karrikatik pasatzen diren ibilgailuen erdia hartzea da. Herriko eta departamenduko hautetsiek saihesbidearen berri eman dute berriki bilkura publiko jendetsu baten karietarat. Auzapezak argi zion saihesbideak ez dituela problema guziak arrimatuko. Bere ustez, denbora berean Baiona, Ibarrun eta Amotzekin loturak eginen balira hogoi urtez bederen ez litzateke deus aitzineratuko. Hautetsiek uste dute hobe dela bide bat egitea Olhako itzulbidetik Ibarrungo bideraino eta gero ikustea zer egin beharko den. Lurrak hartzeko negoziaketak hasi dira hogoi bat jaberekin. Bideaz gain, bi itzulbide eta bi zubi ere eraikiko dira. Itzulbide bati esker Urguri auzorat sartuko da eta bigarrenarekin lotura eginen da karrika eta Ibarrun arteko bidearekin. Bi zubi berri altxatzea beharrezkoa da bi aldiz zeharkatu behar baita Urdazuri ibaia. Lanak hasiko dituzte Luberriako urtegia prest izanen dela. Dena untsa badoa, urtegia 2008ko hazilean estreinatuko da.
Luberria inguruko lanak
Azken asteetan itxuraz arrunt aldatu dira Luberriako inguruak. Ura emateko partea abendu honen hondarrean bururatuko dute. 32 000 metra kubiko betun eta 150 000 metra kubiko lur eman dituzte urtegia egiteko. Urte hondarrean lanak geldituko dituzte eta lanean hasiko dira berriz apirilean. Urtegiaz gain, 600 metrako luzetasuna duen saihesbidea egin dute Luberrian. 650.000 euro gosta da biderri berri hau egitea. Herritar ainitz harritu egin da hiru gauza jakitean. Lehenik ikustea Dantxarinearat doan bidea ez dela zuzena. Alta, agintariek behar ziren eremu zabalak hartu zituzten lanak egiteko. Bigarrenik, urtegia beteko delarik uholdeak gertatzean, Nafarroarat doan bide hau, hautetsiek Ainhoako saihesbidetzat hartzen dutena, urak estaliko duela dio Bernard Auroy Uztaritzeko kantonamenduko kontseilari nagusiak. Hirugarrenik, urtea baino gutiago du Luberriako bide osoak, hau da, lehen baliatzen zena berritu zela. Hamar bat hilabeteetan bakarrik egin zen lana