Kultur Egunak antolatu ditu Ibiltza Kultur Taldeak ortziraletik igandera

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 26a

Igandean Iturengo argazkiak ikusteko aukera izanen da

Urteroko ohiturari hutsik egin gabe, aurten ere Kultur Egunak antolatu ditu Ibintza Kultur Taldeak. Ortziral honetan, azaroak 30, hasi eta igandera arte luzatuko dira. Ortziralean, 20:00etan talo jatea eginen da Herriko Etxeko Ganbaran eta ondotik kantaldia izanen da Jaione Olazabalekin. Larunbat goizean haurrak izanen dira protagonistak. 11:00etan haur jokoak eta tailerra izanen dira, eta 13:30ean haurren bazkaria Herriko Etxeko Ganbaran. 16:00etan 16 urtetik gorakoentzako mus txapelketa hasiko da. 16:30ean Patxin-Potxin pailazoek ikuskizuna eskainiko dute plazan eta egunari segida ona emateko bertso afaria eginen da Herriko Ostatuan Irazu eta Amuriza bertsolariekin. Ondotik, dantzaldia Sebastianekin.

Igandea izanen da azken eguna. Arratsaldean Jagoba Manterolaren eskutik Iturengo argazkiak ikusteko aukera izanen da Herriko Etxeko Ganbaran eta ondotik tortilla patata eta postre lehiaketa (etxean egin behar dira).

Eguberrietako zozketarako txartelak salgai

Bertze urte batez Ibintza Kultur Taldeak Eguberrietako zozketarako txartelak salgai paratu ditu. Zozketa 2008ko urtarrilaren 5ean eginen da eta hau izanen dira sariak: lehenbizikoa zare eder bat; bigarrena bizikleta eta hirugarrena bi lagunendako afaria Altxunea Erretegian. Sariak herriko denda, ostatu eta ileapaindegiekin osatuak dira. Zenbaki sarituak Ttipi-Ttapa, Xaloa eta Xorroxinen jakinaraziko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun