Nafarroako Euskal Kantu Txapelketa jokatu zen azaroaren 17an Lekunberrin

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 26a

Elizondoko Elisa Perotxenak ahots xarmantaren saria jaso zuen

Nafarroako Kantu Txapelketaren finala jokatu zen joan den azaroaren 17an Lekunberriko 31 aretoan. Giro ederra sortu zuten kantariek aurtengo edizio honi behar bezalako akabaila emateko.

Sariei dagokienez, sormenezko kanten lehen saria Aurizberriko Ainara Villanueva eta Edurne Errearentzat izan zen eta bigarren saria Tuterako Saioa Cresporentzat. Era zaharrean kantatu zutenen artean, lehen saria Iruñeko Izkon bikotearentzat izan zen eta bigarrena Elizondoko Elisa Perotxena eta Iñaki Gerendiainentzat. Era modernoan kantatu zutenen artean, lehen postua Lekunberriko taldeak etxeratu zuen, eta bigarren saria Aurizberirko Miren eta Edurne Erreak.

Bertze sari bereziak ere izan ziren: ahots xarmantaren saria Elizondoko Elisa Txoperenarentzat izan zen; A capella egindako lanaren saria Orbaitzetako Ahotsak taldearentzat; sormen lan ederrenarena Saioa Cresporentzat eta bikote lanari emandako saria Leitzako Maddi Olano eta Birjinia Mariezkurrenarentzat.

Honela, 2008ko ekainean Bilboko Arriaga Antzokian izanen den Euskal Herriko Kantu txapelketa nagusirako Nafarroako ordezkariak erabaki ziren: bakarlari bezala Saioa Crespo joanen da, bikoteka Izkon bikotea eta taldeka Lekunberriko taldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun