Iparraldeko zortzi usategietako langileak eta Etxalartik 12 bat inguru. Guztira 120 lagunetik goiti bilduko dira larunbat honetan, herriko plazan, uso-denboraldiaren akabera ospatzeko. Aurten gainera, aitzakia badute, azkeneko 5-6 urteetako denboraldirik onena izan delakoz. Iaz 36 dozena bakarrik hartu zituzten. Aurten laukoiztu egin dute kopurua: 141 dozena harrapatu dituzte, 1694 uso denera. Inoiz baino kontenago daude usazaleak. “Haizea gure alde izan dugu. Iparra egun aunitzetan etorri zaigu eta usoek bide naturala hartu dute, kostatik pasatu beharrean, mendi ingurura hurbildu dira” erran digu Patxiku Irisarri usazaleak. Aspaldiko partez, aspertzeko asti haundirik ez dute izan bi hilabete hauetan, eta irri ederrarekin akabatu dute denboraldia.
Bisita eta bazkaria larunbatean
Aspaldiko ohitura da denboraldi bukaeran bederatzi usategiak (iparraldean zortzi daude eta gurearekin bederatzi) bazkari baten bueltan elkartzea. Urtero herri desberdinean egiten da besta eta aurten Etxalarreri tokatu zaio. Goizean Iharmendiko gainera joanen dira denak, bertakoak eta gonbidatuak, bisita gidatu batean Usategiak ikusteko. Eguerdi partean, herrira jautsi eta bazkari ederraren bueltan bilduko dira plazan. Arratsaldean Irune eta Itsaso trikitilariak arituko dira . Seguraski, berandurarte luzatuko da besta gehienentzat.
Sariak onenari eta txarrenari
Bazkalondotik, “ranking” bat eginen da 9 usategien artean, bakoitzak harrapatu dituen uso-kopuruaren arabera. Gehien lortu dituen usategiari txapela emanen zaio, eta guttien harrapatu duenari ere bai. Etxalarkoak goiko postuetan egonen dira aurten, 141 dozenako marka ez baita edonolakoa.
Informazio gehiago behar izanez gero, dietu 686757031 telefonora (Patxiku).