Ukrainiako haurrei laguntzeko kanpaina abiatu du Doneztebeko eskolako Guraso Elkarteak

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 23a

San Migel Eskolako ikasleak Ukrainiako haurren egunerokoa nolakoa den ezagutzeko aukera izan dute. TTIPI TTAPA

Arropak, jostailuak eta bertze produktuak biltzeko epea hilaren 30ean akituko da

San Migel Eskolako Guraso Elkartearen ekimenez, Ukrainiako haurrei laguntzeko kanpaina garatzen ari dira eskolan, Malerreka Laguntzen izenarekin. Azaroaren 20an paratu zuten martxan proiektua eta hilaren akabera arte hori lantzen ariko dira. Arropak, jostailuak, oinetakoak eta higiene produktuak ari dira biltzen, baina antolatzaileek janaririk ez emateko adierazi dute.

Bilketa heldu den ortziralean bukatuko da, hilak 30, eta bitartean, helburua 1.000 kiloetara ailegatzea izanen da. Horretarako haur bakoitzak hiru kilo eramatea nahi dute. Bilketa amaitzean, Guraso Elkarteak sailkapena eginen du kutxetan eta abenduaren 19an kamioia bidaliko dute. Horrez gain, Nafarroako Aurrezki Kutxaren bidez laguntzeko aukera ere zabaldu dute. Kherson izenarekin egitasmoaren aldeko laguntza edozeinek ematen ahalko du.

Kanpaina Guraso Elkarteak proposatu zuen, eta eskolak proiektuarekin bat egin eta Ukrainiako haurren egoera hurbilagotik ezagutzen aritu dira ikasleak. Informazio gehiago 948 456144 telefonoan edo helbide honetan: errekagurasoak@terra.es.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun