Uztailetik honat 8.600 lagunetik goiti pasatu dira Zugarramurdiko Sorginen Museotik

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 23a

Bisitariak pozik onartu zuten Museoak egindako gonbidapena. TTIPI TTAPA

Azaroaren 12tik 15era inguruko landetxetako jabeei ateak zabaldu zizkieten

Uztailaren 20an ireki zuten estreinakoz Zugarramurdiko Sorginen Museoa, eta hasieratik arrakasta haundia izan du. Epe horretan 8.600 bisitari baino gehiago pasatu dira, gehienak Nafarroatik etorriak (%23), baina Euskal Herriko bertze herrialdeetatik eta Frantziatik etorritakoak ere (%22 eta %14, hurrenez hurren). Gainontzeko bisitariak Katalunia, Valentzia, Madril eta Andaluziatik etorritakoak izan dira.

Hala ere, hedapena zabalagoa izan dadin, eta herriko turismo baliabideak, turismo bulegoa eta hurrengo hilabeteetarako egitasmoak aurkezteko asmoz, Museoak bisitak antolatu zituen azaroaren 12tik 15era. Hiru egunez, Xareta, Baztan, Malerreka, Bortziriak eta Bertizaranako 80 landetxetako ordezkariak igaro ziren. Antolatzaileek zein bisitariek topaketa hauek onuragarriak izan zirela iritzi zioten, eta balorazio positiboa egin zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun