Azoka Eguna izanen dute larunbatean Goizuetan eta Saran

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 23a

Aurten ere artisautza ezberdinak egiten ikusteko aukera izanen da Goizuetan. TTIPI TTAPA

Goizuetan feriaz gain, herri bazkaria eta beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte; Saran Eguberrietako merkatua eginen da

Hilabetetako lanaren ondotik, azken urteetan bezala, azokak eginen dira Goizuetan Sara larunbat honetan. Goizuetan, azaroko azken larunbatean egin ohi da, eta aurtengoa laugarren edizioa izanen da. Goiz-goizetik hasita ekitaldi andana prestatu dituzte.

Goizeko 10etatik aurrera, artisau postuak eta nekazal produktuak izanen dira ikusgai. Gainera, artisautza ezberdinak egiten ikusten aukera izanen da: joareak, uztaiak, gantxilua, sagardoa, taloak… Herriko jubilatuak, berriz, Labaderoan arropak garbitzeko ariko dira. Herriko karrikak alaitzeaz herriko trikitilariak arduratuko dira.

Eguerdi partean, 14:30ean herri bazkaria eginen da goiko frontoian, eta bazkaldu ondoren Larraña semea eta bere lagunak arituko dira. Gazte Asanbladaren eskutik, iluntzean trikitilariak gaztetxean izanen dira eta ondoren poteoa. Sabela bete nahi dutenek, berriz, pintxoak jateko aukera izanen dute plazan, Umore-Onaren eskutik.

Egitarau zabala, egun on bat pasatzeko.

Saran, Eguberrietako merkatua

Bertzelako azoka eginen da Saran, hau ere larunbatean, azaroak 24. Serroren eskolako gurasoek eguberrietako merkatua antolatu dute, eta hala, 9:00etatik 18:00etara bitarte, aita eta amek egindako eskulanak salduko dira, bitxiak, apaingarriak eta berinan egindako margoak, bertzeak bertze.

Pere Noel delakoa ere hor egonen da, eta nahi izanez gero, haurrek potreta baten ateratzeko aukera izanen dute, Arantxa Leizagoien argazkilaria egun guztian plazan izanen baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun