Doneztebeko Erreka elkarteak eskuz binakako seigarren pilota txapelketan parte hartzeko deialdia egin du. Aurten ere benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil, bigarren mailako senior eta senior elite kategorietan jokatuko da. Maila guzietan, parte hartu nahi duten pilotari guzientzat irekia da txapelketan, senior elite kategorian izan ezik, hemen gonbidapen bitartez etorriko baitira bikoteak. Txapelketa heldu den urteko urtarrilaren erditsuan hasiko da eta martxoko lehen hamabostaldian akituko da. Izen ematea abenduaren 7a arte egiten ahal da, 948 450991 fax zenbakira idatziz. Txapelketa kanporaketa bidez jokatuko da eta federazioko lizentzia nahitaezkoa da parte hartzeko. Benjamin, alebin, infantil, kadete eta jubenil mailako partidak igande goizetan jokatuko dira Doneztebe, Urrotz eta Legasako pilotalekuetan. Seniorretako bi kategorietako partiduak, berriz, asteazken arratsaldetan jokatuko dira Doneztebe eta Beran.
Joan den asteko partidak
Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, zenbait partida jokatu zituzten joan den astean Errekako pilotariek Donezteben. Bigarren mailako benjaminetan, Errekako Oier Berasategi eta Julen Indak 18 eta 13 irabazi zieten Aurrerako Aimar Gil eta Ander Alduntzin-i. Bigarren mailako alebinetan, Errekako Javier Saldias eta Daniel Moranek 7 eta 18 galdu zuten Aurrerako Ander Eskudero eta Oinatz Mariezkurrenaren kontra. Errekako Mikel eta Julen Retegik 14 eta 18 galdu zuten Aurrerako Julen Goikoetxea eta Lenitz Galartzaren kontra eta Errekako Jon Belarra eta Julen Juankorenak 18 eta 11 irabazi zieten Irurtzungo Josu Zudaire eta Xabier Ustarroz-i. Bigarren mailako alebinetan, Errekako Imanol de Rueda eta Josu Mitxeok 7 eta 18 galdu zuten Zugarraldeko Alai Etxarri eta Xabier Villabonaren kontra. Bigarren mailako kadetetan, Errekako Xabier Carrion eta Josu Telletxeak 12 eta 22 galdu zuten Aurrerako Martin Etxeberria eta Julen Olanoren kontra.
Nafarroako klub arteko txapelketa
Nafarroako klub arteko txapelketan, 22 urtez beheitiko kategoriako bi partida jokatu ziren Donezteben. Lehenbizikoan, Errekako Imanol Mitxelena eta Unai Urrutiak 22 eta 20 irabazi zieten Irurtzungo Idoate eta Etxeberriari. Bigarrenean, aldiz, Errekako Iribarren eta Ezkurrak 8 eta 22 galdu zuten Txarutako Arregi eta Otxandorenaren kontra.
Guillermo Mazo
Guillermo Mazo gazte mailako lau terdiko txapelketan, Errekako Ugutz Zelaieta oiztarrak partida polita egin zuen txapelketako faborito nagusiaren kontra, San Migueleko Arkaitz Peñas-en kontra, baina 10 eta 18 galdu zuen. Halere, Oizko pilotariak txapelketa ederra egin eta lau kanporaketa gainditu ditu.
Lizarrako lau terdiko txapelketa
Larunbatean, Lizarrako lau terdiko txapelketako partidak ere jokatu ziren. Alebinetan, Errekako Julen Juankorenak 3 eta 18 galdu zuen Titinen eskolako Petiteren kontra. Seniorretan, Errekako Aritz Angitak 18 eta 12 irabazi zion San Migueleko Garciari. Jubeniletan, Errekako Zelaietak 18 eta 17 irabazi zion San Migueleko Plazari eta 22 urtez beheitiko kategorian, Errekako Mitxelenak 13 eta 18 galdu zuen Altsasuko Mendiluzeren kontra.