Kantu txapelketako finala jokatu zen larunbatean Lekunberrin

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 20a

Nafarroako kantu txapelketaren finala jokatu zen larunbat arratsaldean Lekunberriko 31 aretoan. Giro ederra sortu zuten kantariek, aurtengo edizio honi behar bezalako akabaila emateko. Sariei dagokienez, sormenezko kanten lehen saria Aurizberriko Ainara Villanueva eta Edurne Errearentzat izan zen eta bigarren saria Tuterako Saioa Cresporentzat. Bertze hainbat sari ere banatu zituen Kantuzaleen Elkarteak. Honela, era zaharrean kantatu zutenen artean, lehen saria Iruñeko Izkon bikotearentzat izan zen eta bigarren saria Elizondoko Elisa Perotxenak eta Iñaki Gerendiainek eskuratu zuten. Era modernoan kantatu zutenen artean, lehen saria Lekunberriko taldeak etxeratu zuen, eta bigarren saria Aurizberirko Miren eta Edurne Erreak.

Sari bereziak

Bertze sari bereziak ere izan ziren: Ahots xarmantaren saria Elizondoko Elisa Txoperenarentzat izan zen, “A capella” egindako lanaren saria Orbaitzetako ahotsak taldearentzat, sormen lan ederrenarena Saioa Cresporentzat eta bikote lanari emandako saria Leitzako Maddi Olano eta Birjinia Mariezkurrenarentzat.

Euskal Herriko finala 2008ko ekainean Bilbon

Honela, heldu den urteko ekainean Bilboko Arriaga Antzokian izanen den Euskal Herriko Kantu txapelketa nagusirako Nafarroako ordezkariak ere erabaki ziren larunbatean. Bakarlari bezala kantatzeko Saioa Crespo joanen da, bikoteka Izkon bikotea eta taldeka, Lekunberriko taldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun