Amaiurrera joanen da aurten Nafarroako sokatira txapela

Aitor AROTZENA 2007ko azaroaren 19a

Amaiurrera joanen da aurten Nafarroako txapela. Argazkian, Amaiur A (galtza beltzekin) eta Amaiur B (txuriekin), puntutan berdinduak daude, azken saioaren faltan. TTIPI TTAPA

Lesakan egindako saioan Amaiur B nagusitu zen mutiletan eta Sakana nesketan

Nafarroako Goma gaineko sokatira txapelketaren bigarren saioa jokatu zen larunbat arratsaldean Lesakako udal pilotalekuan. Aurtengoan, berrikuntza gisara, taldeak sei lagunekoak dira eta gizonezkoak nahiz emakumezkoak kategoria bakarrean lehiatzen ari dira: gizasemeak 465 kiloz beheitiko kategorian eta emakumezkoak 390 kiloko kategorian.

Emakumetan Sakana garaile

Emakumeetan, Arbizun jokatutako lehen saioan berdinduak gelditu ziren Beti Gazte A eta B eta Sakana hiruna punturekin, eta Lesakan ere berdintasuna espero zen. Baina egia errateko, Sakanako tiralariak nagusi izan ziren eta nahiko aisa irabazi zituzten tiraldi guziak. Herriko nesken arteko tiraldiak izan ziren gogorrenak, baina azkenean Beti Gazte Ak irabazi zituen biak. Beti Gazte Bk tiraldi onal egin zituen, baina bakar bakarrik Txantreako neska gazteei irabaztea lortu zuen. Beraz, Lesakan, 4 puntu eskuratu zituen Sakanak, 3 Beti Gazte Ak, 2 Beti Gazte Bk eta puntu bakarra Txantreak. Sailkapen orokorrean, berriz, Sakanak 7 puntu ditu, Beti Gazte Ak 6, Beti Gazte Bk 5 eta Txantreak 2.

Gizonetan, Amaiur B nagusitu zen kitarakoan Amaiur Ari

Gizonezkoen kategorian hiru talde bakarrik aritu ziren eta saio baten faltan, dagoeneko garbi dago txapela Baztanera joanen dela Amaiurrera. Arbizuko lehen saioan bezalaxe, desenpateko tiraldia behar izan zuten Amaiur A eta Bk Lesakako saioko irabazlea erabakitzeko. Arbizun, Amaiur Ak irabazi zuen kitarakoa eta honela hiru puntuak eskuratu zituen; Lesakan, aldiz, Amaiur Bk irabazi zuen desenpateko tiraldia eta honek 3 puntuak eman zizkion. Txantreako talde gaztearen kontrako partidak aisa irabazi zituzten Amaiurko bi taldeek. Gauzak honela, sailkapen orokorrean bosna puntu dituzte Amaiur A eta Bk eta Txantreak 2. Beraz, erran bezala, txapela Amaiurrera joanen dela garbi dago, baina heldu larunbatean Txantrean ikusiko da zeinen burua estaltzen duen.

Txapelketako tiraldien ondotik, neskak eta mutilen talde mistoak aritu ziren Lesakako goma gainean, erakustaldia eginez.

Azken saioa heldu den larunbatean Txantrean

Aipatu dugun gisara, hirugarren eta azken saioa azaroaren 24an, larunbatean, eginen da Txantreako Virgen del Camino institutuko frontoian, arratsaldeko 5etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun