Euskal Herriko aizkolari gazteen eta Nafarroako bigarren mailako arpanlarien txapelketak erabaki ziren Doneztebeko feria egunean. Lehenik, Nafarroako bigarren mailako arpanlari txapelketan, bi bikote bertzerik ez ziren aritu. Igantziko Julen Txoperena eta Lesakako Iñaki Portu, alde batetik eta Berriozarko Asier Urbistondo eta Mikel Huarte bertzetik. Hauek, lehenik 45 ontzako etzandako enborrari bortz ebaketa eman behar zizkioten, zutik zegoen enborrari lau eta lana akautzeko, berriz ere bortz korte etzanda. Etzandako lehen korteetan aitzinetik ibili zen Berriozarko bikotea, baina igantziarrak hurbilean zituztela. Zutikako enborrari eman beharreko lehen kortean, aldiz, aitzinetik paratu ziren Julen Txoperena eta Iñaki Portu. Gainera, lan honetan ari zirela, kortea atera zitzaien Berriozarkoei eta hortik aitzinera, garaipena nahiko erraza izan zen Igantziko ordezkarientzat. Bukaeran, minutu terdi pasatuko aldea lortu zuten. Julen Txoperenak eta Iñaki Portuk 5 minutu, 44 segundu eta 32 zentesima behar izan zituzten lana akautzeko eta Urbistondo eta Huartek 7 minutu, 15 segundu eta 18 zentesima.
Erasun nagusi aizkolari gazteen artean
Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa jokatu zen ondotik. Hemen emozio handia izan zen, batere ere lehen enborretan. Aurtizko Ander Erasun, Leitzako Arkaitz Olano, Arostegiko Julen Kañamares, Iruñeko Ruben Saralegi, Asteasuko Jokin Alkizalete eta Zumarragako Julen Aranbarri aritu ziren. Oihan eta Garikoitz Larretxea ere txapelketa honetan aritzekoak ziren, baina azkenean ez zuten parte hartu, lesionatuak zeudelakoz. Aizkolari gazteek bi kanaerdiko eta lau 45 ontzako moztu behar zituzten, eta aipatu bezala, lehia estua izan zuten hasieran, batez ere Erasun, Olano eta Kañamares artean.
Lehen zati lehiatua
Lehen 45 ontzakoa Kañamaresek moztu zuen 49 segunduan eta Arkaitz Olano leitzarrak sei segundu gehiago behar izan zituen eta Ander Erasun aurtiztarrak 12 segundu gehiago. Bigarren 45 ontzakoan Olano leitzarra zen aitzinetik, 2 minutu eta 2 segunduko denborarekin, Erasun bigarren 7 segundura eta Kañamares hirugarren, 14 segundura. Lan erditan berriz, lehen oinbikoa moztutakoan, kasik berdinduak zeuden hiruak. Kañamaresek 4 minutu 39 segundutan moztu zituen, Olanok segundu bat gehiago behar izan zuen eta Erasunek bortz gehiago. Saralegi ere ez zen burutik urrun, 24 segundura eta bi gipuzkoarrak dexente gibelago geldituak ziren.
Bigarren erdian Erasun ederki
Baina lehenbiziko lan erdiko ezaugarria berdintasuna izan bazen, bigarren erdiarena Ander Erasun aurtiztarraren nagusitasuna izan zen. Bigarren oinbikoa mozteko 7 minutu eta 25 segundu behar izan zituen, Kañamaresek baino 26 guttiago eta Olanok baino 29 guttiago. Hortik aitzinera aldeari eutsi ez ezik handitu egin zuen Erasunek, aizkoran ongi eginez. Hirugarren 45 ontzakoa 8 minutu eta 59 segundu behar izan zituen, Kañamaresek 33 segundu gehiago eta Olanok 53 gehiago. Leitzarra hustu egin zen azken erdian eta podiumetik kanpo ere gelditu zen. Azkeneko enborra 10 minutu eta 37 segundutan moztu zuen Ander Erasunek, duela bi urte Ugaitz Mugertzak egin zuen marka hobetuz. Kañamaresek ere marka polita egin zuen, 11 minutu eta 18 segundu. Aipatu bezala, Olano leitzarra hustutzen joan zen eta azkenean hirugarren postua ere galdu egin zuen, Saralegiren mesedetan. Honek 11 minutu eta 59 segundu behar izan zituen lana akautzeko eta Olanok 4 segundu gehiago. Alkizalete izan zen bosgarren, 13 minutu eta 28 segunduko denborarekin eta Aranbarri gaztetxoak denbora dexente gehiago behar izan zuen, 16 minutu eta 41 segundu.
Erakustaldiko proba guzietan gailendu ziren Nazabal eta Mindegia
Azkenik, bikoteka aizkolari erakustaldia ere izan zen. Alde batetik Floren Nazabal, Nafarroako eta Euskal Herriko txapelduna, Miel Mindegia handiarekin aritu zen, eta bertzetik, Juan Jose Lopez, Nafarroako azpitxapelduna eta Unai Otaño, Euskal Herriko azpitxapeldunak osatu zuten bikotea. Lehenbiziko proba abiadurakoa izan zen, aizkolari guzien enbor bana moztu baitzuten. Bigarren proban, bikote bakoitzak lau enbor moztu behar zituen, enborretik enborrera txanda emanez. Hirugarren eta azken proban, zortzi enbor moztu zituzten txanda librean. Hiru probak Nazabalek eta Mindegiak irabazi zituzten.