Euskal kantu txapelketako finala eginen da larunbatean Lekunberrin

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 16a

Arratsaldeko 18:00etan hasita, 31 aretoan

Nafarroako Euskal Kantu txapelketaren finala larunbat honetan, azaroaren 17an, eginen da Lekunberriko 31 aretoan, arratsaldeko 18:00etatik aitzinera. Elizondo eta Burlatako saioen ondotik, lau talde, zazpi bikote eta bortz bakarlari ariko dira Lekunberriko saioan.

Leitzako Itziki Xalauk taldeak “Haize gorria” kantua abestuko du, Lekunberriko taldeak “Txatxo”, Tafallako Azoka taldeak “Gurekin” kantua eta Orbaitzetako Ahotsak taldeak “Bedatsiaren heltzian”.

Bakarlariei dagokienez, Arizkurengo Gartxotek “Azken muxarraren maldiziyua” kantatuko du, Elizondoko Maialen Brañak “Maite dut”, Arangurengo Maite Menék “Anai maitia”, Tuterako Saioa Krespok “Orain heldu” eta Eltzaburuko Hodei Bakaikoak “Haizea”.

Bikoteen txandan, Iruñeko Izkon bikoteak “Lo hadi aingürüa” kantatuko du, Aurizberriko Miren eta Edurne Erreak “Gurekin”, Aurizberriko “Ainara Villanueva eta Edurne Erreak “Atzean utzi”, Lekunberriko Paul Martin eta Borja Ariztimuñok “Amets”, Leitzako Maddi Olano eta Birjinia Mariezkurrenak “Ametsak”, Elizondoko Elisa Perotxenak eta Ziaurrizko Iñaki Gerendiainek “Oi Ama Euskal Herri” eta Tafallako Ainhoa eta Uxue Caballerok “Neurriak” abestiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun