Leitza eta Doneztebe arteko errepidea hobetzeko moldaketa lanen plangintzari buruzko galdera egin du Nafarroako Parlamentuan Aitor Etxarri, Leitzako EAko zinegotzi eta Nafarroa Bai taldeko parlamentariak. Herrilan, Garraio eta Komunikabideetako Departamentuari egindako galderan, Doneztebe eta Leitza lotzen dituen NA-170 errepidearen moldaketa lanak egiteko faseak, epeak eta aurrekontuak zehaztea eskatu du Etxarrik.
Nafarroa Bai taldeko parlamentariak, “Departamentu horrek 2002-2009 Errepide Planaren barrenean, bide hori zabaltzeko eta hobetzeko zein aurreikuspen dituen” publikoki argitzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Galdera, errepide horretako zenbait zatitan zola berritu eta zapaltzeko moduko kunetak jarri dituztenean egin du Nafarroa Baiko parlamentari leitzarrak.
“Errepide hau nahitaezkoa da mendialdeko biztanleak egoki komunikatuak egoteko”
Baina Aitor Etxarriren ustez, ez dira nahikoak orain arte egin diren lanak, “errepidea bere osotasunean hobetu behar baita, ez da aski tokian tokiko partxeak jartzearekin, horrek ez baitu Nafarroako Gobernuaren eraginkortasun eza makillatu besterik egiten”. Leitzako parlamentariaren arabera, “zonaldeko bizilagunek asko erabiltzen duten errepide-zati baten istripu arriskua saihesteaz hitzegiten ari gara, errepide hau nahitaezkoa da mendialdeko biztanleak egoki komunikatuak egoteko”.