Bertizko Turismo Partzuergoak produktu berri bat aurkeztu du, ekitaldien urtekaria. Urteak badira Partzuergoak udako besten eta ekitaldien buletina argitaratzen hasi zela, uda jarduera gehienen eta turisten etorrera handienaren denboraldia baita. Buletin hau aunitz eskertzen da eskualdean, bereziki turistekin lan egiten dutenen aldetik, kontsulta tresna erosoa baita, hamabostero argitaratzen eta banatzen dena.
Hala ere, gure eskualdean ekitaldi ugari daude urte osoan egiten direnak. Horregatik, hitzordu nagusiak eskuliburu batean biltzeko aukera planteatu zen. Diseinu erakargarri batekin eta frantsesez, gazteleraz eta euskaraz, promoziorako baliabidea izan nahi du urtekariak. Turismo arloan lan egiten dutenendako tresna erabilgarria izateaz gain, gure bisitariei planak proposatzen laguntzen die eta azokak, erromeriak, pilota txapelketak eta Partzuergoak antolatutako ekimenak direla medio gure ohiturak ezagutarazteko baliagarria da.
Sunbilla eta Donamariako Udalak itzuli dira Partzuergora
Bertizko Partzuergoak, datorren urteko eskolen Aste Berdeko aurre izen emate kanpainan buru belarri ari dela, Donamariako Udala Partzuergora bueltatzen denaren berri ona jaso du. Honekin, bi dira dagoeneko joan den urtean Partzuergoa utzi eta itzultzea erabaki duten Udalak, Sunbillakoa eta Donamariakoa.