Nekazaritzako gasoilaren zerga bueltatuko da

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 14a

Guzira, 3.895 nafarrei 2.427.142 euro itzuliko zaizkie.

Nekazaritza erabilerarako gasoila erosterakoan ordaindu den hidrokarburoen zerga itzuliko du Nafarroako Zerga Ogasunak. Guzira, 3.895 nafarrei 2.427.142 euro bueltatuko zaizkie. Dagoeneko, bi milioi euro baino gehiago itzultzeko agindua emana da eta gainerakoei abudo bueltatuko zaie gasoila erosterakoan ordaindutako zerga.

Neurri hau, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeritzak eta Ekonomia eta Ogasun Ministeritzak, nekazaritza eta abelzaintza elkarte nagusiekin 2005ean sinatutako hitzarmenaren ondorio da. Sektore hauetan produkzio gastuetan izandako igoera bortitzak nolabait leuntzeko neurri fiskalak hartzea erabaki zuten orduan. Neurri hauen artean, 2007an nekazaritza erabilerarako gasoila erosterakoan ordaintzen den hidrokarburoen zerga itzultzea aurrikusi zen. Zehazki, 2005garren urteko urritik 2006ko irailera erositako mila litroko 78,71 euro itzuliko dira.

Horretarako, eskaria egin behar zuten abeltzainek eta nekazariek. Itzulera eskatzeko epea akaututa, eskatzaileen %85a pertsona fisikoak direla ikusi da. Eskari gehienak, %84, mila euro baino guttiagokoak dira eta %15ak, 1.000 eta 5.000 euro artean eskatzen ditu. Gainerakoek 5.000 euro baino gehiago eskatzen dute. Banaz bertzeko eskaria 618 eurokoa omen da. Guzira, 7.000 ibilgailu baino gehiagoren jabeek egin dituzte eskaerak. Horietatik %86 traktoreak dira eta % 8a uzta-makinak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun