Herri kirol saio ikusgarria izanen da aurten ere Doneztebeko ferietan

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 12a

Euskal Herriko gazte mailako aizkolarien eta Nafarroako bigarren mailako arpanlarien txapelak erabakiko dira

Aurtengoan ez da behi edo ardi aziendarik ikusiko Doneztebeko ferietan, baina aspaldiko urteetako ohiturari eutsiz, herri kirol saio bikaina izanen da bazkalondoan, arratsaldeko 5:30etik aitzinera. Nafarroako eta Euskadiko Herri Kirol Federazioek, Doneztebeko Udalaren, Nafarroako Rural Kutxaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz azaroaren 16rako, ortziralerako, antolatutako jaialdian, Euskal Herriko aizkolari gazteen eta Nafarroako bigarren mailako arpanlarien txapelketak erabakiko dira eta horretaz, gain, aizkolari erakustaldia izanen da bikoteka.

Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa

Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketan, Aurtizko Ander Erasun, Leitzako Arkaitz Olano, Arostegiko Julen Kañamares, Iruñeko Ruben Saralegi eta Jokin Alkizalete eta Julen Aranbarri gipuzkoarrak arituko dira. Aizkolari gazteek bi kanaerdiko eta lau 45 ontzako moztu beharko dituzte.

Nafarroako bigarren mailako arpanlarien txapelketa

Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketan, bi bikote bertzerik ez dira arituko. Igantziko Julen Txoperena eta Iñaki Portu, alde batetik eta Berriozarko Asier Urbistondo bertzetik. Hauek, 45 ontzako etzandako enborrari hamar ebaketa eman beharko dizkiote eta zutik dagoen enborrari lau.

Nazabal-Mindegia eta Lopez-Otaño aizkora erakustaldian

Azkenik, bikoteka aizkolari erakustaldia ere izanen da. Alde batetik Floren Nazabal, Nafarroako eta Euskal Herriko txapelduna, Miel Mindegia handiarekin arituko da, eta bertzetik, Juan Jose Lopez, Nafarroako azpitxapelduna eta Unai Otaño, Euskal Herriko azpitxapeldunak osatuko dute bikotea. Lehenbiziko proba abiadurakoa izanen da, aizkolari guzien enbor bana moztu beharko baitute. Bigarren proban, bikote bakoitzak lau enbor moztu beharko ditu, enborretik enborrera txanda emanez. Hirugarren eta azken proban, zortzi enbor moztu beharko dituzte txanda librean.

Beraz, azken urteotako ohiturari eutsiz, herri kirol jaialdi ederra osatu dute Doneztebeko feria arratsalderako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun