Nafarroako sokatira txapelketa abiatu zen larunbatean

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 12a

Mutiletan Amaiur A nagusitu zen eta nesketan berdinduak akautu zuten Sakana eta Beti Gazte A eta Bk

Nafarroako Goma gaineko sokatira txapelketaren lehen saioa larunbat arratsaldean jokatu zen Arbizun. Aurtengoan, berrikuntza gisara, taldeak sei lagunekoak dira eta gizonezkoak nahiz emakumezkoak kategoria bakarrean lehiatzen ari dira: gizasemeak 465 kiloz beheitiko kategorian eta emakumezkoak 390 kiloko kategorian.

Gizonezkoen kategorian hiru talde bakarrik aritu ziren: Amaiur Ak tiraldi guziak irabazi zituen eta 3 puntu eskuratu zituen; Amaiur Bk Txantreari irabazi eta Amaiur Aren kontrako tiraldiak galdu zituen, 2 puntu lortuz eta Txantreako talde gazteak puntu bakarra lortu zuen, ez baitzuen tiraldirik irabazi.

Emakumeetan, berriz, lau talde aritu ziren eta emozio gehiago izan zen goma gainean nahiz sailkapenean. Izan ere, Sakana, Beti Gazte A eta Beti Gazte B hiruna punturekin berdinduta gelditu ziren eta Txantreak puntu bakarra eskuratu zuen. Sakanak Beti Gazte Aren eta Txantrearen kontrako tiraldiak irabazi zituen, baina Beti Gazte Brekin galdu zuen. Beti Gazte Bko neskek, berriz, Sakanari eta Txantreari irabazi zieten, baina Beti Gazte Akoekin galdu eta, beraz, Beti Gazte Ak Txantreari eta Beti Gazte Bri irabazi zien, baina Sakanarekin galdu. Txantreak, noski, tiraldi guziak galdu zituen. Beraz, ez dago emozio gehiago eskatzerik, momentuz hiru talde berdinduak baitaude sailkapenean.

Azaroaren 17an bigarren jardunaldia Lesakan

Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketako bigarren jardunaldia Lesakako frontoian jokatuko da azaroaren 17an, larunbatean, arratsaldeko 4:30etik aitzinera. Eguraldiak laguntzen badu Plaza Zaharrean eginen da saioa eta euria eginen balu, frontoian.

Hirugarren eta azken saioa azaroaren 24an, larunbata, eginen da Txantreako Virgen del Camino institutuko frontoian, arratsaldeko 5etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun