«Etxean egindako kamioiarekin aurre egin diegu aurten eskuderia ofizialei»

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 9a

• Javier Mariezkurrena Doneztebeko pilotoak bere denboraldirik onena egin du. Kamioien abiaduran hirugarren izan da Espainiako txapelketan eta hamazazpigarren Europakoan.
• Doneztebeko Ederki Tailerreko eskuderia izan du laguntzaile Europa osoan egindako zazpi probetan eta Lesakako Transportes Bidasoa enpresaren babesa ere jaso du aurten.
• Egin duen denboraldia ikusirik, MAN markak motor berria eskaini dio heldu den denboraldirako eta Javier itxaropentsu ageri da.

Javier Mariezkurrena Doneztebeko pilotoak bere denboraldirik onena egin du, Espainia eta Europako kamioi abiadura txapelketetan. Doneztebarra Ederki Tailerrak eskuderiarekin aritzen da kategoria nagusian eta mila zaldiko potentzia gainditzen duen MAN kamioia gidatzen du. Nolabait errateko, kamioien Formula-1 izanen litzateke: «F1 eta motoziklismoaren aldean telebistan gutti agertzen garela egia da, baina zirkuitoetan 30-40.000 lagun biltzen dira eta Alemanian, baita 60.000 ere» dio Doneztebekoak. Mariezkurrenak hirugarren postua eskuratu du Espainiako txapelketan eta hamazazpigarrena Europakoan. Emaitza honek Ederki Tailerra, Europako eskuderia pribatu onenen artean jarri du eta prentsa espezializatuaren eta bertze taldeen loreak jaso ditu. Mariezkurrenaren ustez, «arras mekaniko onak ditugu eta dena taldearen lanaren emaitza da. Muxutruk hortxe ari dira lanean eta etxean egindako kamioi batekin eskuderia ofizialei eta gidari profesionalei aurre egin diegu». Pilotoarekin batera, hamabi lagun ari dira lanean, guziak Malerreka eta Bortzirietakoak.

Pilotatik Pilotora

Urriko lehen asteburuan akitu zen denboraldia Mariezkurrena gidari duen taldearentzat. Madrilgo Jarama zirkuituan bi proba jokatu ziren eta bietan podiumera igo zen Mariezkurrena. Albaceten ere podiumera igo zela kontuan hartuz, denboraldi ederra osatu du Doneztebeko gidariak.

Kamioia hartu baino lehen, hamar aldiz laxoa txapelketa irabazia da Marizkurrena Doneztebeko taldearekin, baina «burniak betidanik gustatu» zaizkiola eta «pilotarako zaharregia» zela kontuan hartuz, kamioiarekin probatu zuen 2003ko denboraldi erdian: «Frantziako Nogaron hasi nintzen, kamioi zahar batekin». Geroztik, aunitz profesionalizatu omen da kamioi lasterketan mundua.

Denboraldi honetan, Lesakako Transportes Bidasoa enpresaren babesa izan du Mariezkurrenak eta honen ekarpena handia izan da. Halere, badirudi onena etortzeko dagoela. Izan ere, Doneztebekoak egin duen denboraldi bikaina ikusita, MAN markak motor berri bat eskaini dio Ederki tailerrari, gaur egungo Europako txapeldunak, Antonio Albacetek erabiltzen duen berbera.

Motor berriarekin hurrengo denboraldia ere arrakastatsua izanen dela espero du Mariezkurrenak: «Europan, hamar lehenbizikoetan sartzea polita litzateke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun